Azken bero-egunak gaur eta bihar, larunbatean aldaketa baitator
Ostegunean eta ostiralean bero egingo du, batez ere, Euskal Herriko hegoaldean. Abisu horia ezarri da gaurko tenperatura altuengatik Araban, Ebro ondoko eskualdean 13:00etatik 19:00etara, eta Nafarroa erdialdean, Pirinio inguruan eta Erriberan, 13:00etatik 21:00etara.
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegun honetan, uztailaren 23an, bero handia egingo du berriro. Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da; goi-hodei batzuk izango dira, halere. Eguerditik aurrera iparraldeko haizea ibiliko da, eta boladak gogorrak izan daitezke, arratsaldean, bereziki hegoaldean.
Tenperaturan ez da aldaketa handirik izango, eta zenbait lekutan baliteke gora egitea. Hiriburuei begira jarrita, Baionan 20 gradu izango dira gutxienez eta 29 gehienez, Bilbon 19 gutxienez eta 32 gehienez, Donostian 18 gutxienez eta 28 gehienez, Gasteizen 13 gutxienez eta 34 gehienez eta Iruñean 19 gutxienez eta 39 gehienez.
Hain justu, tenperatura altuengatik abisu horia indarrean egongo da gaur Araban, Ebro ondoko eskualdean 13:00etatik 19:00etara, bai eta Nafarroa erdialdean, Pirinio inguruan eta Erriberan ere, 13:00etatik 21:00etara.
Ostiralean, tenperaturak gora
Ostiralaren hasieran eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Egunaren erdiko orduetan haizea ipar-mendebaldera aldatuz joango da, kostaldetik hasita, eta horrek tenperatura maximoak jaistea ekarriko du, batez ere Bizkaian, han goizean aldatuko baita haizea. Hegoaldean haizea gerotxoago aldatuko da eta beroa egiten jarraituko du.
Eguzkia jaun eta jabe izango da egunaren lehen zatian eta, haizea aldatu ondoren, Kantauri isurialdean behe-hodei batzuk ager daitezke. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira.
Tenperaturei dagokienez, berdintsu jarraituko dute ekialdean eta zertxoibait igoko dira mendebaldean (Bizkaian bereziki) eta hegoaldean.
Nafarroan alerta laranja izango da indarrean beroagatik Erriberan eta erdialdean, eta abisu horia, berriz, Pirinioetan, 13:00etatik 21:00etara.
Larunbatean, aldaketa
Larunbatean aldaketa nabarmena izango da eguraldian. Egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu egongo da, batez ere kostaldean, eta orduek aurrrera egin ahala estaltzera egingo du. Goizean euri txikia egin dezake eta arratsaldean zaparrada txiki-ertainak egingo ditu. Gainera, trumoi-ekaitza izateko probabilitatea handia izango da. Hori dela eta, Aemetek abisu horia aktibatuko du euriagatik eta ekaitz arriskuagatik Pirinioetan.
Goizaldean eta goizean goiz mendebal-osagaiko haize ahula ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean. Gainerako orduetan ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin.
Tenperatura minimoetan aldaketarik ez da izango (aldatzekotan, gutxi jaitsiko da), baina tenperatura maximoek nabarmen egingo dute behera: kostaldean nahikoa edo asko jaitsiko dira beroenak eta Mediterraneo isurialdean asko jaitsiko dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere