Bermeo, Elantxobe eta Mundaka Madalena eguna ospatzen ari dira, Izarorako itsas prozesioarekin
Bermeoko ontziak Izaro uharterantz joan dira, eta bidean alkateak teila bat bota du itsasora, irlaren jabetza Bermeorena dela aldarrikatzeko.
Bermeok, Elantxobek eta Mundakak urteko egun berezienetako bat bizi dute gaur, Madalena eguna dute eta. Itsas prozesioak eta Izaro uhartearen inguruko ohiturak milaka lagun bildu ohi ditu urtero Busturialdean, eta jai giroak egun osoan jarraituko du bi herrietan.
Urteroko ohiturari jarraituz, Bermeoko ontziak Izaro uharterantz abiatu dira eguerdian, eta bidean alkateak teila bat bota du itsasora, irlaren jabetza Bermeorena dela aldarrikatzeko.
Kondairak dioenez, Bermeok estropada batean irabazi zion Izaroren jabetza Mundakari, eta ordutik urtero errepikatzen da keinu sinboliko hori.
Teila itsasora bota ondoren, udalbatza Elantxobera eta Mundakara abiatu da, ohiturari jarraipena emanez. Lehenago, hori bai, ohiko aldarrikapena zabaldu du lau haizetara: "Honaino ailegatzen dira Bermeoko itoginak".
Bermeoko lau kolektibori omenaldia
Aurtengo Madalena egunez, aurten urteurrena duten herriko lau talde omendu dituzte Bermeon: Alkartasuna dantza taldea (50. urteurrena), Bermeoko Erraldoien Konpartsa (20. urteurrena), Bermeoko abesbatza (70. urteurrena) eta Benito Barrueta Arte Elkartea (75. urteurrena).
Lau talde horietako ordezkariak udalbatzarekin batera egon dira itsasontzian, Madalena egunekoak bertatik bertara bizitzeko.
Zuzenean, ETB1en eta ETB ON plataforman
Ontzien itsasoratzea eta itsas prozesioa EITBk zuzenean eman du ETB1en, ETB ON plataformaren bidez eta ETBren youtubeko kanalean.
Madalenak ez dira, ordea, Busturialdeko herrietara mugatuko. Errenterian eta Vianan ere gaur izango dute jaietako egun handia, atzo ospakizunei hasiera eman ondoren. Bi udalerrietan kirol ikuskizunak, musika kontzertuak eta adin guztiei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte, egun osoan jai giroa nagusi izan dadin.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera