Gau sargoria, 25 ºC-tik gorako tenperaturekin
Atzoko beroak ez du etenik izan gauean, eta barnealdean bereziki, gaua sargoria izan da, eta goiza oso bero hasi da leku askotan.
Hala, gauerdian 20 ºC-tik gora tenperaturak zeuden hiriburuetan, eta Gasteizen 25 ºCtik gora zegoen termometroa, eta ia 27 ºC-tan Jaizkibelen.
Tenperatura are gehiago igo da orduek aurrera egin ahala, eta 6:00etan 31 ºC-tik gora zeuden Zarautzen, 28 ºC Urkulun eta 29,8 ºC Igorren, besteak beste, hego-haizearen eraginez.
Tenperatura oso altua izango da gaur goizean, eta hainbat lekutan 35 ºC-ak gaindituko dira. Eguerditik aurrera mendebal/ipar-mendebaldeko haize indartsua sartuko da kostaldean, eta horrek nabarmen jaitsaraziko du tenperatura. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ipar-haize hori barnealdera ere iritsiko da eta beroa arinduko du. Zeruan erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteak izango dira, eta goizean baliteke han-hemenka zaparrada bakanen bat egitea. Arratsaldetik aurrera ezegonkortasuna areagotu egingo da eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake, batez ere mendebaldean; ekaitzekin baterra txingorra egin dezake eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezke.