Heldu da egun historikoa: gaurko eklipseaz gozatzeko jakin beharreko guztia
Duela mende bat baino gehiago ikusi zen azkenekoz eklipse oso bat Euskal Herrian, eta hurrengoa 375 urte barru izango dugu. Hemen hainbat jakingarri azalduko ditugu: non ikusi, ordutegiak eta begiak nola zaindu, besteak beste. Orain zuzenean eskaintzen ari da eklipsea, Bardeatik.
Heldu da eguna. Euskal Herria ilunpean utziko duen eguzki eklipse osoarekin hitzordu historikoa dugu gaur. Duela mende bat baino gehiago ikusi zen azkenekoz eklipse oso bat Euskal Herrian, eta hurrengoa 375 urte barru izango dugu.
Jarraian, fenomenoa zertan datzan, eklipsea ikusteko gunerik onenak, ordutegiak eta segurtasun-gomendioak bildu ditugu.
Zer da eklipsea eta zer gertatuko da?
Eguzki-eklipse osoa fenomeno astronomikoa da, eta Eguzkia, Ilargia eta Lurra modu perfektu eta milimetrikoan lerrokatzen direnean gertatzen da. Iraungo duen minutu gutxian, argia ia erabat desagertuko da. Tenperaturak jaitsi egingo dira eta animalien portaera aldatuko da.
Eklipsea osoa den fasean, ohikoa da txoriek txio egiteari uztea, gaua iritsi dela uste baitute. Aitzitik, gaueko hegaztiek eta anfibioek euren jarduera ohi baino lehen aktibatzen dute, eta ezkutalekuetatik irteten eta soinuka has daitezke. Era berean, baliteke etxeko animaliak eta maskotak urduritzea edo babesleku bila hastea, edota noraezean ibiltzea.
Non ikusiko da ondoen?
Bilbon, Gasteizen eta Bizkaiko nahiz Arabako eremu zabal batean ikusiko da oso-osorik. Donostian, Iruñean eta Baionan, berriz, eguzkiaren % 99 estaliko da.
Kontsultatu, hemen, udalerri bakoitzeko ikusgaitasunari buruzko informazio zehatza (iturria: Espainiako Geografia Institutua):
Gertaera egunaren amaierarekin bat datorrenez, Eguzkia oso behean egongo da zeruan. Hori dela eta, mendebaldeko zerumuga erabat garbi duen lekutik ikusiko da ondoen, eguzkia ezkutatzen den aldera begira.
Ez zaitez haranetara joan, eta bilatu kostaldea edo leku oso altuak, hala nola Gorbeia, Urbasa, Bardea eta labarrak.
Naturagune horietakoren batera joanez gero, ibilbidea denboraz planifikatzeko gomendatu dute agintariek, garaiz iristea eta, ahal dela, garraio publikoa erabiltzea, behatokiak leporaino beteko direlako.
Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak, Renfek, Aenak eta DGTk segurtasun dispositibo bereziak abiatuko dituzte, joan-etorri ugari aurreikusten direlako.
1905eko abuztuaren 30ean ikusi zen azkenekoz eklipse oso bat Euskal Herrian
Ordutegiak
Eklipsea 19:31n hasiko da, eta 20:27an izango da unerik ilunena.
Segurtasun-gomendioak
Oftalmologia adituek ohartarazi dutenez, eguzkira zuzenean begiratzeak kalte larriak eta itzulezinak eragin ditzake begietan. Hona hemen zenbait gomendio:
- Erabili homologatutako betaurrekoak (EN ISO 12312-2:2015). Eguzkitako betaurrekoek eta erradiografiek ez dute balio.
- Ez zaitez begira geratu tarte luzez: 3 minutuan behin utzi begiratzeari, askoz jota.
- Betaurrekoak erabateko iluntasunaren unean kendu, baina bakarrik % 100eko eremuan bazaude.
- Eremu horretan ez bazaude, ez itzazu kendu, argiaren % 1 hori arriskutsua baita ikusmenerako.
- Mugikorrarekin grabatuko baduzu, jarri iragazki bat lentean; bestela, kamera erre egingo duzu.
Hurrengo eklipsea 375 urte barru izango dugu
Eta gidatzen ari zarela gertatzen bada?
Eklipsearen unean gidatzen ari bazara, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak gomendio hauek jarraitzea gomendatzen du:
- Segurtasun-distantzia handitu eta abiadura egokitu
- Ez erabili telefonoa edo kamera irudiak hartzeko
- Argi laburrak piztuta eduki ilundu bitartean
- Ez begiratu zuzenean eguzkiari, ezta eklipsea ikusteko betaurrekoak gidatzen ari zaren bitartea
- Erabili ibilgailuaren eguzkitakoa, beharrezkoa bada, itsualdiak saihesteko.
- Abiadura murriztu du behaketa-puntuen inguruan, oinezkoak egon daitezkeelako
Non jarraitu zuzenean?
Etxetik nahiz Euskal Herritik kanpo gozatu nahiago dutenentzat, Orainek eta EITBk zuzenean emitituko dute Bardeatik.
Bestalde, zientzia herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eklipsearekin lotutako hainbat erakusketa eta dibulgazio-jarduera jarri ditu abian, eta Eklipsea Euskadi webgunean daude kontsultagai.
Zer eguraldi izango dugu gaur?
Euskalmeteko iragarpenaren arabera, oro har, zeru oskarbiak espero ditugu gaurko; Bizkaian eta Gipuzkoako kostaldean behe-hodei batzuk espero dira, baina litekeena da eklipsearen ondoren sortzea, gauean zehar. Nafarroan eta Iparraldean ez da oztoporik izango eklipseaz gozatzeko.