ALERTA LARANJA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ekaitzek gogor jo dute Nafarroan eta Gipuzkoan, bigarren egunez jarraian

Gauerdira arte, alerta laranja izango da indarrean ia Nafarroa osoan eta Ipar Euskal Herrian. Noainen, txingor erauntsia izan da, eta 10 minutuan 5 litro pilatu dira metro koadroko. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Bigarren egunez jarraian, ekaitz giroa nagusitu da arratsaldean. Ekaitz eta euriteen arriskua handia zela eta, alerta laranja ezarri dute Nafarroa osoan eta Ipar Euskal Herrian. Araba eta Gipuzkoa abisupean izan dira 21:00ak arte, prezipitazio handiak izateko arriskuagatik. Euri jasak, haize bolada bortitzak eta bereziki, txingorra. Nafarroan eta Gipuzkoan jo dute gehien. Noainen esaterako, kazkabar erauntsi batek metro koadroko 5 litro pilatu ditu 10 minutuan. 

Pirinioetan, Nafarroako isurialde atlantikoan eta Erdialdean gauerdira arte egongo dira alertapean. Pirinioetan, iragarpenaren arabera, metro koadroko 30 litro meta litezke ordubetean. Ekaitzak, oro har, laburrak izan dira, baina leku askotan harri handia bota du.

Ipar Euskal Herrian ere, alerta laranja ezarrita zuen Meteofrancek. Ekaitz elektriko handiak, haize bolada gogorrak (90-110 km/h) eta kazkabarra zeuden aurreikusita. 

EAEn, Araban eta Gipuzkoan prezipitazio handiagatik abisu horia ezarrita zegoen, eta bigarrenean egin du gehien. Euskalmeten bere estazioetan jasotako lehen datuen arabera, Berastegin 11 litro pilatu dira metro koadroko 10 minutuan. 

Datozen egunetarako iragarpena

Euskalmeten iragarpenaren arabera, uda giroa nagusituko da aste hasieran. 

Astelehenean, behe hodei askorekin abiatuko da eguna, batez ere ipar partean; hegoaldean giroa argiagoa izango da. Egunak aurrera egin ahala, ordea, hodeiak desegiten joango dira eta arratsaldea eguzkitsua izango da. Haize aldakorra ibiliko da goizean, eta iparraldekoa nagusituko da eguerditik aurrera. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketa handirik espero, nahiz eta barnealdean apur bat jaits daitekeen. Nafarroan izan ezik, gainerakoan zaparradak egiteko probabilitatea txikia izango da.

Asteartean, argi eta egonkor jarraituko du aroak. Zerua hodei gutxirekin egongo da, batez ere barnealdean. Ipar partean, berriz, behe-hodeiak sortuko dira, batez ere goizean eta gauean. Tenperatura maximoek gora egingo dute, batez ere barnealdean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X