Uztailak utzitakoak: 3,6 ºC beroagoa izan da eta muturreko lehortea ekarri du
Hilaren 5etik eta 12ra izandako bero-boladak markak hautsi zituen. 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren hainbat lekutan.
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak uztaileko eguraldiari buruzko datuak eman ditu gaur: oso beroa eta oso lehorra. Horiek dira joan den hilabeteak utzitako datu nabarmenenak. Batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldikoa baino 3,6 °C gorago kokatu dira, eta, horrenbestez, gutxienez 1970etik izandako uztailik beroena izan da.
Egun askotan anomalia termikoak 4 °C-tik gorakoak izan dira. Gertakaririk nabarmenena uztailaren 5etik 12ra bitartean izandako bero-bolada izan zen, urteko laugarrena, eta lurralde guztiei eragin zien. 40 ºC-tik gorako balioak jaso ziren hainbat eskualdetan.
Halaber, uztailaren 9tik 15era bitartean uztaileko tenperatura minimo altuenen hainbat errekor gainditu ziren, eta estazio askotan balioak ez ziren 22-23 °C-tik behera jaitsi.
Hilaren amaieran, berriz, uztailaren 28tik 30era bitartean, beste bero-bolada bat izan zen, laburragoa, eta batez ere barnealdeari eragin zion. Maximoak berriro 40 °C ingurukoak izan ziren Kantauri isurialdeko barnealdean.
Oso lehorra, Arabako Errioxan izan ezik
Prezipitazioei dagokienez, hilabete oso lehorra izan da, eta Gipuzkoa ekialdeko zenbait eremutan muturrekoa izan da lehortea. Arabako Errioxan bakarrik erregistratu dira ohiko prezipitazio kopuruak.
Mende honetan orain arte izandako datuei erreparatuta, EAEko bosgarren uztailik lehorrena izan da, eta Gipuzkoako lehorrena.
Pilatutako prezipitazio urria trumoi-zaparrada baldintzatu dute hein handi batean, eta horren ondorioz, toki jakin batzuetan gehiago bota du. Pilaketa handienak oso lokalizatuak izan ziren, eta estazio bakar batean pilatu zen 50 litro metro karratuko baino gehiago: Ameraunen, 52,7.
Hilaren lehen bi herenak oso lehorrak izan ziren, eta uztailaren 25a izan zen pilaketa handiak utzi zituen egun bakarra, tokian-tokian gogorrak izan ziren trumoi-zaparraden ondorioz. Egun hori izan zen hileko euritsuena, lurralde osoan, batez beste, 6,4 mm pilatu zen eta.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere