EGURALDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Astea freskotik hasiko da eta ekaitzak izan daitezke arratsaldean

Hodeiak ugarituz joango dira astelehenean, eta tenperaturak behera egingo du Euskal Herrian. Gainera, baliteke arratsaldean trumoi-zaparradak botatzea, batez ere ekialdean. Asteartean, eguraldi egonkorra eta beroa itzuliko dira.

Altzo, haizea, zeru iluna, argazkia: Txomin Rezola

Hodeiak, Altzon. Argazkia: Txomin Rezola

Astea eguraldi aldaketarekin hasiko da Euskal Herrian, igandean izandako bero handiaren ondoren. Hodeitza ugari etorriko da eta iparraldeko haizeak tenperatura maximoak nabarmen jaistea eragingo du.

Zerua hodeitsu egongo da, batez ere kantauri isurialdean, bertan hodeiak ugariagoak izango baitira. Arratsaldean zehar bero-hodeiak ugarituko dira eta trumoi-zaparradak bota ditzake, batez ere ekialdean.

Tenperaturaren beherakada nabarmena izango da herrialdearen zati handi batean. Maximoak 25-26 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta hegoaldean, berriz, termometroak 30-35 ºC artean izango dira, igandean erregistratutakoak baino baxuagoak.

Asteartean eguraldi egonkorra itzuliko da

Asteartean giro lasaia eta apur bat beroagoa izango dugu berriro ere. Eguna hodei batzuekin hasiko da, baina goizak aurrera egin ahala, desegin egingo dira eta ostarte zabalak hedatuko dira.

Arratsaldean bero-hodei batzuk sortuko dira, baina ez da prezipitaziorik izango. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, egunaren bigarren partean iparra nagusituko da; barnealdean, biziago.

Tenperatura maximoek gora egingo dute berriro, batez ere barnealdean. Ebro ibarrean 35 ºC-tik gora kokatuko dira berriro, eta kostaldetik gertu ez da ia aldaketarik izango.

Hodei gehiago eta tenperaturen jaitsiera aste erdian

Asteazkenean zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu kantauri isurialdean, eta euri arina izango da bertan. Iparra eta ipar-mendebala bizi ibiliko da, eta haizeguneetan bolada gogorrak utziko ditu. Tenperatura maximoek behera egingo dute berriro.

Ostegunean giro hodeitsuak jarraitu egingo du, iparraldeko haizea ibiliko da, eta trumoi-ekaitzak eta zirimiria izan litezke.

Ostiralari begira, egoerak egonkortzera egingo du. Tarteka hodeiak izango dira, arratsaldean haizea iparrera egingo du, ahul, eta tenperaturak koska bat gora egitea espero da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X