Migrazio krisia

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta

EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.

BRUSSELS (Belgium), 13/07/2026.- European Commission President Ursula von der Leyen speaks to the media on the final report of a special panel on child safety online, in Brussels, Belgium, 13 July 2026. (Bélgica, Bruselas) EFE/EPA/OLIVIER MATTHYS

Europar Batasunak Barne ministroen ezohiko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisiaren bilakaera aztertu eta erantzun bateratua koordinatzeko.

Bideokonferentzia Irlandak deitu du. Herrialde horrek du aurtengo bigarren seihilekoan EBko Kontseiluaren presidentetza, eta Espainiako Gobernuko presidenteak eta beste 22 estatu kidek premiazko bilera eskatu ondoren egin du deialdia.

Micheál Martin Irlandako lehen ministroak eman du horren berri. Horren esanetan, Justizia eta Barne Gaietarako Kontseiluaren bilera Jim O'Callaghan Irlandako Justizia ministroak gidatuko du.

Martinen hitzetan, "harreman estua" du estatu kide guztiekin eta Europako erakundeekin, eta Ceutako egoeraren bilakaera gertutik jarraitzen ari da.

Sanchezen eskaera eta 22 estatu kideren babesa

Pedro Sanchezek Europako erakundeei migrazio krisiari "erantzun bateratua" emateko ezohiko bilera eskatu eta ordu gutxitara egin dute deialdia, Ceutara azken egunotan milaka pertsona iritsi izanak krisia eragin ondoren.

Halaber, beste 22 estatu kidek eskaria egin diete idatziz EBko Kontseiluaren Irlandako presidenteari, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteari eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari, egoerari aurre egiteko Europar Batasunaren erantzun koordinatua adosteko.

Krisiaren kudeaketari buruzko talka

Sanchezek bidalitako gutunean, Espainiako Gobernuko presidenteak "kezka handia" agertu du Europako zenbait gobernuk migrazio krisiaren aurrean izan duten erreakzioagatik.

Sanchezen ustez, Italiak, Suediak eta Danimarkak Espainia Schengen eremutik aldi baterako kanporatzeko edo mugako kontrolak berriz ezartzeko egindako proposamenak "erreakzio asimetrikoa" erakusten dute, eta "aurreiritziak, albiste faltsuak, ezjakintasuna edo interes politikoak" daude horien atzean. Horren aburuz, erabaki horiek Europako Zuzenbidearen eta estatu kideen arteko elkartasun printzipioaren kontrakoak dira.

EBko 22 herrialdetako buruzagiren iritzian, Espainiako Gobernuaren migrazio politikek krisia areagotzen lagundu ahal izan dute.

Idatziz adierazi dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak berehalako itzulketen inguruan emandako azken epaiak eta migratzaile askoren ezohiko erregularizazioak migratzaile gehiago erakartzeko balio izan dute akaso.

Eskari hori sinatu dutenek EBren erantzun sendoagoa eskatu dute migrazio irregularrari aurre egiteko, Batasunaren kanpo mugak indartzeko eta migrazio fluxuak susta ditzaketen politikak berrikusteko. Horrez gain, Espainiari babesa emateko ere eskatu dute, Marokorekiko mugan kontrol eraginkorra berrezarri ahal izan dezan.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du

Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X