EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Europar Batasuneko 22 estatuk larunbat honetan erantzun koordinatua eskatu dute Ceutan izandako migrazio krisiaren ondoren, Batasunaren kanpo-mugen kontrola indartzeko. António Costa Europako Kontseiluko presidenteari, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari eta EBko Kontseiluaren txandakako presidentetza duen Irlandari bidalitako gutunean, estatu kideetako Barne ministroen ezohiko bilera premiaz deitzeko eskatu dute.
Italiak eta Danimarkak sustatutako ekimenak beste hogei estaturen babesa jaso du, eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek antzeko eskaera egin eta ordu gutxira heldu da. Hark ere Barne ministroen premiazko bilera eskatu zuen, migrazio krisiari Europatik erantzun bateratua emateko.
Erantzun koordinatu baten alde
Gutuna sinatu duten estatuek diote Europar Batasunaren kanpo-mugen babesa estatu guztien ardura partekatua dela, eta Ceutan bizi izan denaren moduko migrazio-presio egoeren aurrean jarduera koordinatua behar dela.
Horren ildotik, adierazi dute Europar Batasunak "legez kanpoko migrazioa modu eraginkorrean eragotzi eta etengabe borrokatu" behar duela, kanpo-mugak indartuz eta etorkizuneko krisiei aurre egiteko erkidegoko tresna guztiak aktibatuz.
Era berean, ohartarazi dute ez dela zabaldu behar Europar Batasunean modu irregularrean sartu eta gero bertan legez geratzeko aukera dagoelako irudipena; izan ere, haien ustez, horrek beste sarrera saiakera batzuk bultza ditzake.
Erregularizazioei egindako aipamena
Gutunean jasotzen denez, estatuen zenbait politikak "erakarpen-faktore" izan daitezke. Horren harira, sinatzaileek berariaz aipatzen dute egoera irregularrean dauden migratzaile ugari erregularizatzea, uste baitute horrelako neurriek iritsiera gehiago susta ditzaketela.
Halaber, beharrezkoa balitz Schengen eremuko barne-mugetan aldi baterako kontrolak indartzea edo berriz ezartzea planteatzen dute, migratzaileen bigarren mailako mugimenduak saihesteko. Hala ere, aitortu dute oraingoz ez dela halako mugimendurik atzeman Ceutatik Europar Batasuneko gainerako herrialdeetara.
Babesa Espainiari eta lankidetza Marokorekin
Gutuna sinatu duten herrialdeek ontzat jo dute Espainiaren eta Marokoren arteko lankidetza, Ceutara iritsi ziren pertsona gehienen itzulera ahalbidetzeko, eta uste dute egoera erabat kontrolpean geratuko dela Europar Batasunaren laguntzarekin.
Era berean, uste dute Barne ministroen ezohiko bileran Marokorekin dagoen lankidetzaren eraginkortasuna aztertu beharko litzatekeela, baita Frontexek Europar Batasunaren kanpo-mugetan eman dezakeen laguntza indartzea ere.
Gutuna Italia, Danimarka, Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Zipre, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta, Herbehereak, Polonia, Txekia, Errumania eta Suediak sinatu dute. Frantzia, Portugal, Irlanda eta Luxenburgo, berriz, ez dira ekimenarekin bat egin.
Bruselak eskaera aztertuko du
Pedro Sanchezek eta 22 estatuek bidalitako gutunak jaso ondoren, Ursula von der Leyenek begi onez ikusi du migrazio krisia aztertzeko ezohiko bilera egitea, eta adierazi du beharrezkoa dela gertatutakoaren ikasgaiak ateratzea Europar Batasunaren erantzuteko gaitasuna indartzeko.
Dena den, EBko Kontseiluaren txandakako presidentetza duen Irlandak oraindik ez du baieztatu Barne ministroen ezohiko bilera deituko duenik. Oraingoz, estatu kideetako adituen eta enbaxadoreen bilerak baino ez daude aurreikusita, egoeraren bilakaera aztertzeko.