Ekaineko tenperaturan errekor historikoak neurtu dira: 43,6 ºC Laudion eta 42,9 ºC Baztanen
Beroak ez du atsedenik emango, gutxienez, bihar iluntzera arte. EAE osoan alarma gorria egongo da ezarrita barrualdean, eta laranja, kostaldean. Nafarroan ere, abisu laranjapean egongo dira bihar egun osoan.
Bilbo, gaur. Argazkia: EFE
Euskal Herri osoa astintzen ari den bero-bolada markak hausten ari da, bereziki, barrualdeko herrietan. Gaur arratsaldean ia 44 gradutaraino iritsi dira tenperaturak zenbait tokitan.
Euskalmet (EAEn) eta AEMET (Nafarroan) meteorologia agentzien estazioetan 16:00etan bildutako datuen arabera, ekainean inoiz erregistratutako tenperatura altuenak jaso dira hainbat herritan.
Laudion (Araba) jo dute goia termometroek, 43,6 graduraino iritsita.
Halaber, markak hautsi dira honako herriotan:
- Baztan (Nafarroa): 42,9 ºC
- Igorre (Bizkaia): 42,8 ºC
- Elorrio (Bizkaia): 42,6 ºC
- Alegia (Gipuzkoa): 42,3 ºC
- Kaseda (Nafarroa): 42,3 ºC
- Beasain (Gipuzkoa): 41,8 ºC
Gauean, 20 gradutik gora
Gauerako ere, bero handia espero da. 20 gradutik gora kokatuko dira termometroak toki askotan.
Bart, Ordizian, 26,4 graduko tenperatura minimoa erregistratu da, ekaineko errekorra (22,5 gradukoa, 2000. urtekoa) baino altuagoa. Oizen (Bizkaia), 25,8 gradukoa; Agauntzan, Ataunen (Gipuzkoa), 25,4 gradukoa; Agurainen (Araba), 24,8 gradukoa, eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 22,8 gradukoa.
Ostegunera arte, atsedenik ez
Aurreikuspenen arabera, egoera ez da ostegunera arte baretuko. Orduan espero da tenperaturak behera egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak alarma gorria izango du indarrean asteazkenera arte barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebroren ardatzean. Kostaldean, gainera, alerta laranja aktibatuko da 12:00etatik 18:00etara, eta maximoak 35-36 ºC artekoak izango dira.
Beroarekin batera, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du baso-suteak izateko arriskuagatik, tenperatura altuak eta hegoaldeko haizea direla eta.
Nafarroako Gobernuak osasun alerta gorriari eutsiko dio, gutxienez ostegunera arte. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak krisi kabinetea deitu du bero boladari aurre egiteko erantzuna koordinatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Hego-haizea eta tenperatura beroa, asteari ekiteko
Hego-haizea izango da protagonista asteburuan, 20 ºC inguruko maximoekin
Azaroari ekiteko, negu giroa
Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin
Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera