Huescako sutea
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Riglosko sute handia kontrolpean dute, eta ebakuatuak etxera itzuli dira

Aragoiko Gobernuak babes zibileko gutxieneko mailara jaitsi du alerta azken ebakuatuak etxera itzuli ondoren, baina operatiboak lanean jarraitzen du 14.500 hektareako perimetroa finkatzeko.

incendio de Riglos EFE

Riglosko (Huesca) baso-sutea ofizialki kontrolatutzat eman dute, eta Santa Cruz de la Seros herriko 74 bizilagunak etxera itzuli dira. Hori zen hutsik jarraitzen zuen azken herria. Gainera, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuak (EKZI) eta Aragoiko Gobernuak 0 mailara jaitsi dute larrialdi-alerta, babes zibileko gutxienekora, alegia.

Abuztuaren 10ean sugarrak piztu zirenetik, 1.046 pertsona ebakuatu behar izan dituzte 19 herritatik, bi kanpinetatik eta udaleku batetik. Kaltetutako herritar gehienak Jaka eta Ayerbe udalerrietan izan dira ordutik ostatu hartuta.

Sutea kontrolatutzat eman badute ere, larrialdi-taldeek lanean jarraitzen dute perimetroa finkatzeko eta balizko berpizteak saihesteko. Agintariek ohartarazi dute datozen egunetan normala izango dela kaltetutako eremuan kea ikustea.

14.500 hektarea erre dira, eta Aragoin azkenaldian izandako baso-sute handienetakoa da jada. Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiko teknikarien arabera, sua ez da itzalitzat joko gutxienez datorren astera arte, eta ingurua ondo hoztu ostean emango dituzte lanak amaitutzat.

Bestalde, A-1603 errepideak moztuta jarraituko du Santa Cruz de la Serosko irteeratik San Juan de la Peñako monasterioetarako noranzkoan irailaren 15era arte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X