Riglosko sutea "datozen orduetan" kontrolatuko dute
Ostiral honetan, sua kontrolatutzat emateko falta diren gune beroak itzaltzen saiatuko dira, eta Santa Cruz de la Serosko bizilagunak, aterperik gabe zeuden bakarrak, etxera itzuli ahal izango dira.
Riglosko sutean kiskalitako guneak, herrigunearen kanpoaldean. Argazkia: Europa Press.
Miguel Angel Clavero Aragoiko Gobernuko Larrialdien zuzendari nagusiak ostiral honetan adierazi duenez, Las Peñas de Riglosen (Huesca) abuztuaren 10ean piztutako sutea erabat egonkortuta dago, eta "datozen orduetan" kontrolatuko dute, arratsaldeko azken ordutik larunbat goiza eta arratsaldea bitartean, aurreikuspenen arabera.
Itzalita dagoela esateko, ordea, astebete inguru itxaron beharko da oraindik, erretako perimetroa zabala baita eta perimetro horren barruan badaudelako erre ez diren eremuak ere, eta sugarrak pitz daitezke horietan, Claverok CECOPI Operazioak Koordinatzeko Zentro Integratuaren bileraren ostean azaldu duenez.
Orain arteko balantzearen arabera, 18.000 hektareari eragin die suak, eta horietatik 14.000 eta 15.000 artean erre dira, perimetro horren barruan erre ez diren eremuak baitaude.
Hala ere, "doitu" egin beharko dira kopuruak, eremu batzuk erre ez diren arren zuhaitzak hil egingo baitira, beroaren ondorioz.
Sutearen eremuan, zaintza- eta kontrol-lanetan jarraitzen dute, sugarrak berriro pitz ez daitezen. Zehazki, hiru helikoptero arin, koordinazioko bat, lurreko hamar kuadrilla, helikopteroz hara-hona dabiltzan hiru kuadrilla, zazpi autobonba, bulldozer bat, aginte-postu aurreratuko ibilgailu bat eta teknikari espezializatuak dira bertan aktibo dauden baliabideak.
Suterik handiena eta larriena
Las Peñas de Rigloskoa Aragoin uda honetan izan den suterik handiena da, eta baita larriena ere, kaltetutako eremuaren ia % 95 balio ekologiko handiko baso-masa baita, San Juan de la Peña monasterioak inguratzen dituen monumentu natural osoa tartean. Aurreko mendean egindako birpopulatzeetan sartutako zuhaitzak ere erre dira, zuhaitz helduak eta balio handikoak.
Azken orduetako egoerari dagokionez, zuzendari nagusiak adierazi du ostegun honetan ekaitz txiki bat izan zela eta metroko 2-5 litro utzi zituela inguruan. Horren hitzetan, euri horrek lagundu egin du aktibo jarraitzen zuten foku txiki batzuk kontrolatzen.
Sua kontrolatutzat emateko falta diren gune txiki beroak kontrolatzen zentratuko dira lanak ostiral honetan.
Ebakuatutako pertsona guztiak itzul daitezke
Claverok iragarri duenez, CECOPIk Santa Cruz de la Serosko 74 bizilagunei etxera itzultzeko baimena eman die, eta, ondorioz, etxetik atera zituzten 19 guneetako 903 biztanleek etxean lo egin ahal izango dute gaur.
"Kuadrillek lan egin dezaten, ordu batzuetako tartea emango da, beharrezkoa balitz aireko bitartekoren bat jarriz, puntu bero horiek itzaltzeko, eta egoera erabat segurua dela ikusi bezain laster itzuliko dira etxera", zehaztu du.
Guztira 1.046 pertsona ebakuatu dituzte egunotan suagatik, garrek bi kanpin eta aldi baterako kanpaleku bat ere mehatxatu zituztelako.
Oinarrizko zerbitzuak
Itxita zeuden errepide guztiak irekita dituzte, Santa Cruz de la Seros eta Botaiako bidegurutzea lotzen dituena salbu, San Juan de la Peñako monasterioetatik igarotzen dena, eta irailaren 15era arte izango da itxita, segurtasun arrazoiak direla eta; izan ere, "erdi erreta" dauden zuhaitz oso handiak daude, eta kendu egin behar dira, espazio horiek egokitzeaz gain, ohiko jarduerari ekin aurretik.
Kaltetutako udalerrietako edateko uraren hornidurari dagokionez, "oraindik denbora beharko da, ez asko, baina, denbora beharko da", esan du. Analisiak egiten ari dira, eta zisterna batzuetara ura eramaten ari dira, edateko modukoa izan dadin.
Era berean, sutearen kalteak jasan dituzten herrietan oinarrizko zerbitzuak (elektrizitatea, ura eta telefonia) bermatzeko lanean ari dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera