14 dira Donostiako gozoki-saltzailearen sexu-erasoen biktimak
Ertzaintza 6 urteko epea ikertzen ari da, salatutako gertakarietako batzuk 2020koak baitira. Ustezko egilea behin behineko espetxealdian dago uztailaren hasieratik.
Adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita uztailean Donostian atxilotutako gizonezkoari buruz irekitako ikerketan zehar, orain arte 14 biktima identifikatu dituzte, guztiak 10 eta 18 urte bitartekoak. Ikertua, 22 urteko gaztea, behin-behineko espetxealdian dago uztailaren 2an epailearen aurretik pasa zenetik.
Akusatuak gozokiak saltzen zituen Gipuzkoako hiriburuko denda batean, eta, ertzainek egindako ikerketaren arabera, bertan gertatu ziren gertakariak.
Ertzaintza ekainaren 30ean hasi zen kasua ikertzen. Familia batek adingabe batek gozoki-denda batean jasandako bi sexu-eraso salatu zituen. Ustezko egilea atxilotu ondoren, beste 13 biktima identifikatu dituzte; gertakarien unean 10 eta 18 urte bitartean zituzten.
Agenteak 6 urte inguruko epea ikertzen ari dira, salatutako lehen gertakariak 2020koak baitira.
Ikerketak irekita jarraitzen du, eta agenteek ebidentziak eta lortutako informazioak aztertzen jarraitzen dute. Ez dute baztertzen biktima berriak identifikatzea, ikertutako denbora luzea kontuan hartuta. Hori dela eta, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du eta kasu honekin lotura duen egoerarik ezagutu ezkero, ikertzaileei jakinarazteko deia egin du.