Urzainkiko suteak aktibo jarraitzen du, eta garrak perimetratzea da orain lehentasuna
Iñaki Elias Nafarroako suhiltzaileen buruak esan duenez, ez dago arriskurik herritarrentzat, baina eremu oso malkartsua izateak asko zailtzen ditu sua itzaltzeko lanak. Azken orduetan 4x4 ibilgailuentzako eta mangerentzako bideak irekitzea lortu dute, eta, horri esker, errazago heldu ahal izango diote suari, lurrez; airez, zortzi helikoptero ari dira lanean.
Nafarroako Pirinioan suhiltzaileek lanean jarraitzen dute. Pasa den ostiralean Urzainkin piztutako baso-sutea kontrolatu eta itzali nahian ari dira, garrak atzera astelehenean berpiztu ondoren. Asteazken iluntzean ekaitza sartu eta euria egin badu ere, ez da nahikoa izan garrak baretzeko eta, kontrara, indartu ere egin da gauean.
Gainera, maldak horren handiak izanik, harriak eta artean gori zeuden elementuak erori dira eta horrek, itzaltze lanak zailtzeaz gain, suak zabaltzea ere ekarri du.
Iñaki Elias Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak eguerdian azaldu duenez, sutearen bi alboak (ezkerrekoa eta eskuinekoa) eta isatsa inguratzen saiatzen ari dira orain, hori da lehentasuna.
Azken orduetan 4x4 ibilgailuentzako eta mangerentzako bideak irekitzea lortu dute, eta, horri esker, errazago heldu ahal izango diote suari, lurrez; airez, zortzi helikoptero ari dira lanean.
Sua ez dago egonkortuta, eta aktibo jarraitzen du, baina, Eliasek ziurtatu duenez, "ez dago arriskurik herritarrentzat", eta lasaitasun mezua bidali die. Horrez gain, eskerrak eman dizkie, itzaltze-lanetan profesionalei esku tresnekin ematen ari diren laguntzagatik.
SOS Nafarroak jakinarazi duenez, atzo egindako euriari esker hezetasunak gora egin du inguru horretan. Hala ere, Aemet Espainiako meteorologia agentziak ohartarazi duenez, Nafarroako Pirinioan oraindik ere sute arriskua oso handia da ostegun honetan.
Lurrez iristeko zaila den eremu malkartsu batean piztu da sua. Hori dela eta, sua itzaltzeko lanetan zortzi helikoptero ari dira lanean gaur eguerditik, lurrez autobonbekin, kamioiekin eta bi bulldorzer erabiliz lanean ari diren lurreko suhiltzaile, brigadista eta boluntarioen lana osatzeko.
Sugarrak hedatu ez daitezen gaua bertan igaro dute Lodosa, Lizarra eta Nabazkozeko suhiltzaileek, eta goizean Cordovilla, Nabaskoze eta Zangozako brigadak sartu dira horien ordez.
Gainera, eguerdia pasata, Lubiako (Soria) Baso Suteak Indartzeko Brigadako (BRIF) kideak iritsi dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera