Herritarrak konfinatu dituzte hainbat orduz Pasaiako portuan piztutako sute baten ondorioz sortutako keagatik
Sua gaur goizean piztu da Pasaiako portuko desegite-gune batean, eta, batez ere, autoak eta bateriak erre dira. Ke-laino handiaren ondorioz, larrialdi zerbitzuek ES-Alert bat aktibatu eta konfinamendua eskatu dute, batez ere Lezoko herritarrei. Airearen kalitatea normala zela egiaztatu ondoren kendu dute abisua.
Pasaiako portuan piztutako sute baten ondorioz, larrialdi zerbitzuak mobilizatu dituzte. Autoak eta bateriak erre dira eta ke laino handia sortu da.
Keak herritarrei eragin dieiekeelakoan, larrialdi zerbitzuek ES-Alert alerta mezua bidali dute portutik gertu dauden pertsonei konfinatzea eskatzeko. Gomendioak Lezoko biztanleei eragiten die bereziki, bertara heldu baita ke gehien.
Konfinamendua hainbat orduz mantendu da, Osasun Publikoak airearen kalitatearen neurketak egin eta balioak parametro normalen barruan zeudela egiaztatu duen arte. Egiaztapen horiek egin ondoren, larrialdi-zerbitzuek beste ES-Alert bat bidali dute, konfinamenduaren amaiera jakinarazteko eta herritarrei ohiko jarduerari berriro ekiteko aukera emateko.
Izaskun Goñik, Pasaiako Portuko Agintaritzaren presidenteak, Radio Euskadin nabarmendu du ez dela kalte pertsonalik izan. Gainera, adierazi du gurutzontzi batek portura sartzeko zain egon dela sua itzali arte.
Mikel Arruti Lezoko alkateak Euskadi Irratian adierazi du udalak maskarak banatu dituela herritarren artean. Bere esanetan bera izan da Pasaiako Portu Agintaritzan harremanetan jarri dena suteari buruzko xehetasun eske, Pasaiako Portua ez baita jarri harremanetan Lezoko alkatearekin eta ezta ingurukoekin ere.
Hona hemen herritarren telefono mugikorretara bidalitako mezua:
Sute industriala portuan, KONFINATU ZAITEZTE. Etxean geratu, leihoak eta ateak itxi, eta aireztapena itzali. Jarraitu iturri ofizialen jarraibideak
Abisua gaztelaniaz eta ingelesez ere zabaldu da, jarraibideak herritar guztiengana iritsiko direla bermatzeko.
Lezoko Udaltzaingoa udalerrian ibili da abisuak botatzen megafoniaz, leihoak ixteko eta, ahal den neurrian, kalera ez ateratzeko eskatuz.
Inguruko herrietan ere, Hondarribian kasu, etxean geratzeko gonbita egin dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera