Durangoko jaietan Udaltzaingoaren aurkako erasoa salatu du Udalak
Antza denez, txosnagunean, objektu zorrotzak zeramatzan pertsona batek mehatxu egin die hainbat gazteri. Udaltzainak bertaratu direnean, hainbat pertsonak botilak jaurti dizkiete.
Durangoko Udalak gaitzetsi egin ditu gaur goizaldean txosnagunean izandako gertakariak. Bertan, Udalak jakitera eman duenez, Udaltzaingoak esku hartu behar izan du, objektu zorrotzak zeramatzan pertsona batek hainbat neska gazte mehatxatu eta jazarri zituela ohartarazten zuten abisuak jaso ondoren.
Antza, agenteak bertaratu direnean, hainbat pertsonak polizia-ibilgailuak inguratu, udaltzainak iraindu eta botilak eta bestelako objetuak jaurti dizkiete.
Udalak babes irmoa adierazi dio Udaltzaingoari, eta udaltzainek beren eginkizunak betetzen dituzten bitartean "haien aurka egiten den edozein indarkeria- edo larderia-ekintza" gaitzetsi du.
"Pertsona guztien segurtasunak eta haiek babesteko lan egiten dutenen zereginarekiko errespetuak herritar guztien konpromiso partekatua izan behar dute, bereziki jai-giroan", gaineratu du udalak.