Iruzkina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Azken aukera akordiorik gabeko “brexit”a saihesteko

Negoziatzen jarraitzea erabaki ondoren, murriztu egin da azken egunetan Londresen eta Bruselaren artean izan den tentsioa.

“Brexit”ari buruzko negoziazioak akordiorik gabe amaitzear zeudenean, akordio bila lanean jarraitzeko erabakiak apur bat lasaitu du Londres eta Bruselaren arteko giroa. Hala erabaki dute Boris Johnson lehen ministro britainiarrak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. 

Negoziazioak noiz arte izango diren ez dute zehaztu, baina hil honen 31n amaitzen den behin-behineko epea luzatu egin beharko dute, akordioa lortuz gero parlamentuek akordio hori berresteko denbora izan dezaten. Boris Johnson behin-behineko epea luzatzearen eta “brexit”a atzeratzearen aurka egon da orain arte, akordioa lortu zein lortu ez. 

Hala ere, oztopo nagusiek hor jarraitzen dute. Arrantzaren gai korapilotsuaz gain, esku artean dituzte konpetentzia librearen gaia eta adosten dutena betearazteko arbitraje sistema. “Brexit”a indarrean sartu ondoren enpresa britainiarrek abantailarik ez izatea ziurtatu nahi du Bruselak, ingurumen arloko arauetan edota lan eta segurtasun arauetan, esaterako, Europan baino arau bigunagoak dituztelako. Hasieran exijentzia maila parekoa izan daiteke bi aldeetako enpresentzat, baina Bruselak ziurtatu nahi du etorkizunean ere hala izatea, eta aldeetako batek arau horiek zorrozten baditu, besteak ere maila berean zorroztea. Horrek britainiarren subiranotasuna eta legeak egiteko askatasuna murrizten duela esan izan du Boris Johnsonek, baina Merkelek orain gutxi esan duenez, Europako Merkatu Bakarraren batasuna babestu behar da. Bruselako agintarien ustez, Erresuma Batuak ezin du pentsatu hemendik aurrera estatu kide batek dituen abantaila berberak izaten jarraituko duela Merkatu Bateratuan. 

Negoziatzen jarraitzea erabaki ondoren, murriztu egin da azken egunetan Londresen eta Bruselaren artean izan den tentsioa. Izan ere, gora egin zuen Gobernu britainiarrak Armadako ontziak prestatu eta gero Europako arrantza-ontziei Erresuma Batuko uretan sartzea galarazteko. Gainera, diputatu kontserbadore batzuk irainduta sentitu dira Merkelek eta Macronek lehen ministro britainiarraren telefono-deiei ez erantzutea erabaki zutelako eta Europako Batzordera jotzeko eskatu ziotelako, europar batasunaren babestearren, hura baita negoziazioen arduraduna.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Indonesiako zenbait aireportu berriz ireki dituzte, Anak Krakatoa sumendiaren erupzioaren ondorioz itxita egon ostean

Krakatoaren erupzioaren ondoren asteburutik itxita zeuden Jakartako aireportu nagusia eta beste lau aireportu ireki ditu berriro Indonesiak. 3.000 hegaldi eta 370.000 bidaiari inguru kaltetu dira udako oporren itzulera operazio betean. Anak Krakatoa sumendia Indonesiako hiriburutik 150 kilometrora dago eta erupzioan sartu zen ostiralean, laba eta errauts-zutabe handiak jaurtiz.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Istiluak Erresuma Batuan, ultraeskuindarrek migrazioaren aurka egindako manifestazioetan

Liskarrak izan dira bart Portsmouthen migrazioaren kontrako manifestari ultraeskuindarren eta poliziaren artean eta hainbat agente zauritu dira. Larunbatean eskuin muturreko ehunka kaputxadunek Doverreko portua blokeatu zuten, Mantxako kanaletik ontzi batean iritsitako 140 migratzaileren lekualdatzea saihesteko. Gobernu britainiarrak eta alderdi politiko guztiek manifestazioak salatu dituzte.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Milaka serbiar bildu dira Belgraden Mladicen hiletarako, EBren ohartarazpenak gorabehera

Ehunka lagun hurbildu dira Belgraden gerra-kriminal Ratko Mladicen hil-kaperara, hileta ospatu aurretik. Mladic abuztuaren 27an hil zen, 84 urte zituela, Hagako kartzela batean bizi osorako espetxe-zigorra betetzen ari zela. "Bosniako harakina" ezizenez ezaguna, Mladic 2017an kondenatu zuten genozidioagatik, gerra-krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik, Jugoslavia ohian 1992tik 1995era bitartean izandako gerretan. Europar Batasunak Serbiari ohartarazi dio Ratko Mladici ohoreak egiteak edo hura goratzeak arrisku larrian jartzen duela EBn sartzeko prozesua.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X