GAZAKO ZERRENDA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Netanyahuk Gaza osorik bereganatu eta milioi bat palestinar inguru lekualdatu nahi ditu bost hilabetean

Israelgo lehen ministroak Segurtasun kabinetea bilduko du gaur arratsaldean, Gaza erabat okupatzeko duen asmoaz jarduteko, eta Jerusalem egunkariak dagoeneko xehetu du bileran aztertuko duten proposamenetako bat. 

Gaza EFE

Soldaduak, Gazan. EFEren artxiboko argazkia

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Segurtasun kabinetea bilduko du arratsaldean, Gaza osoa okupatzeko asmoaz erabakia hartzeko. Herenegun hartzekoa zuen erabakia, baina kritika asko eragin ditu, nazioartean baina baita Israelen bertan ere, herritarrek zein hainbat militarrek eta goi-kargudunek esan baitute ez direla horren aldekoak.

Kabineteak Exekutiboko ministroetako batzuk barne hartzen ditu. Hala, gaur arratsaldeko 17:00etan elkartuko ditu gako diren ministerioak, besteak beste, Israel Katz Defentsa ministroa, eta Hamasekin balizko su etena negoziatzeko ardura duen Ron Dermer Gai Estrategikoetako ministroa.

Lehen ministroaren asmoa argia da: gaza osoa bere egitea, eta hori egikaritzeko plan bat jarriko du mahai gainean gaurko bileran, Jerusalem aldizkariak aurreratu duenez. Netanyahuk bost hilabeteko epea jarri du Gaza bereganatzeko, eta, horretarako, gerra-dispositibo handi bat mugiaraziko du, Armadaren bost dibisio, hain justu, horietariko bakoitza 10.000 militarrez osatua egongo dena. Horrek milioi bat palestinar inguru mugiaraziko lituzke, aurreikuspenen arabera.

Proposamen hori aztertuko dute gaurko bileran, eta pentsatzekoa aurrera aterako dela eta kabineteak baiezkoa emango diola planari. Planak ahalbidetuko luke Gaza luze-zabal osoan erasoak gauzatzea, baita polemika eragin duen bahituak dauden guneen kontra jotzea ere, nahiz eta asko diren plan horren aurkakoak, tartean Eyal Zemir Estatu Nagusiko burua, Gedeon Sa'ar Atzerri ministroa eta oposizioko kideak. 

Bien bitartean, ostegun honetan 13 lagun hil dituzte goizaldeko erasoetan. Gobernuz Kanpoko Erakundeek zabaltzen dituzten datuek erakusten dute erasoaldiek ez dutela etenik.

Humans Rights Watchek salatu duen azkena Gazako eskoletako sarraskia da. Israelen aire erasoek 500 eskola-eraikin baino gehiago jo dituzte, eta horietako asko desplazatuen babeslekuak ziren.