Bruselak uko egin dio Shein EBn blokeatzeari, Frantziaren nahia baztertuz
Frantziako Gobernuak Sheini eginiko mehatxua, haur itxura duten panpina sexualak saltzeagatik, plataformaren lehen denda fisikoaren inaugurazioarekin batera gertatu da, Notre-Dame katedraletik bi pausotara.
Europako Batzordeak ostegun honetan ziurtatu duenez, ez du Shein enpresaren jarduera Europa mailan eteteko asmorik. Frantziako Gobernuak herrialdean webgunea aldi baterako murrizteko prozedura martxan jarri du, plataformak haur itxura duten panpina sexualak saltzeagatik.
Roland Lescure Frantziako Ekonomia ministroak eta Anne Le Henanff Inteligentzia Artifizialeko eta Gai Digitaletako ministroak gutun bat bidali zuten Bruselara asteazkenean, "behin-behineko neurriak" hartzeko eta konpainiaren aurkako ikerketa "atzerapenik gabe" abiatzeko eskatuz. Gainera, Frantziak 48 orduko epea eman zion Sheini bere edukiek lege nazionala betetzen dutela frogatzeko, adin txikikoen itxura duten sexu-panpinen ustezko salmentari buruzko ikerketa judizialari erantzuteko asmoz.
Bruselatik, Thomas Regnier Batzordeko politika digitaleko bozeramaileak gogorarazi du Shein enpresak jada ikerketa bat irekia duela, Zerbitzu Digitalen Legearen (DSA) arabera legez kanpoko produktuak saltzeagatik, baina erabateko etete bat "azken baliabidea" izango litzatekeela azpimarratu du.
"Esku hartu aurretik, arazoa saltzaile gutxi batzuetara mugatzen den ala arrisku orokorrik dagoen zehaztu behar dugu".
Regnier bozeramaileak gaineratu duenez, "ezin da plataforma bat-batean blokeatu legez kanpoko zerbait zirkulatzeagatik", espazio digital horretan "eduki legitimo asko" daudela gogoraraziz.
Bien bitartean, Shein webgunearen bertsio frantsesak eskuragarri jarraitzen duen arren, marka beraren arropa baino ez da saltzen. Ez dago jostailurik, ez etxerako tramankulurik ezta bestelako gadgeten ohiko eskaintza zabalik ere.
Sheinen gaineko presioa ez da Frantziara mugatzen. Alemanian, HDE merkataritzaren elkarteak Gobernu federalari eta Erkidegoko agintariei enpresaren aurrean jarrera irmoagoa hartzeko eskatu diote.
Gainera, Stiftung Warentest erakundeak joan den astean jakinarazi zuenez, Shein eta bere lehiakide den Temuren 162 produktuetatik 110ek ez zituzten Europako estandarrak betetzen, beraien produktuetan osagai ez-seguruak eta metal toxikoak atzeman zituztelako.
Nolanahi ere, Europako Batzordeak gogorarazi du Irlandako agintariek hartu beharko luketela EB osoan blokeatzeko erabakia, Sheinen egoitza nagusia Dublinen dagoelako.