Gazteria Legea aldatzeko proposamena erregistratu dute EAJk eta PSE-EEk, adin txikikoen udalekuak zorrotzago kontrolatzeko
Presazko prozeduraren bitartez erregistratu dute, eta bi hilabeteko epean aldaketak indarrean egotea aurreikusten du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Bernedoko udalekuen harira polemika izan ostean eta adin txikikoen udalekuak zorrotzago kontrolatzeko asmoz, Gazteria Legearen erreforma erregistratu dute gaur goizean EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean.
Lege-proposamenaren arabera, udalekuen antolatzaileek erantzukizun adierazpena aurkeztu beharko dute Eusko Jaurlaritzaren edo tokian tokiko foru aldundiaren aurrean. Orain arte nahikoa zen aldez aurretik komunikatzea.
Aldaketa hori tarteko, antolatzaileek beren gain hartuko dituzte ezarritako baldintzak eta arauak betetzearen gaineko erantzukizun osoa.
Horrez gain, adin txikikoekin lan egiten duten langile guztiek sexu-deliturik egin ez izana egiaztatzeko ziurtagiria izan beharko dute, eta urtero berritu, aurrekaririk ez dutela egiaztatzeko.
Halaber, zerbitzu eta ekipamenduek ezarritako baldintzak betetzen dituztela erakutsi beharko dute antolatzaileek. Horrela, tokian-tokian eskumena daukan erakundearen oniritzia jaso beharko dute.
Azkenik, arau-hausteen eta zehapenen araubidea berrikusi egingo dute. Horrela, arau-hauste larria izango da sexu-deliturik egin ez izana egiaztatzeko ziurtagiririk ez izatea, erantzukizun zibileko asegururik ez izatea edota instalazio edo ekipamenduen beharrezko segurtasun neurririk ez izatea. Aitzitik, arau-hauste oso larritzat joko dute arrazismoa, xenofobia, indarkeria matxista edo beste edozein indarkeria mota sustatzen duten jarduerak.
Aldaketak bi hilabeteko epean sartuko dira indarrean
EAJk eta PSE-EEk presazko prozeduraren bitartez erregistratu dute lege-erreforma, eta, hortaz, bi hilabeteko epean aldaketak indarrean egotea aurreikusten du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Lege-erreformak Bernedoko udalekuan izan dezakeen eraginaz galdetuta, gainerako udalekuek bezala legeak ezarritakoa bete beharko duela azpimarratu du Melgosak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik