Azken orduko erabakia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Botere Judizialaren Kontseiluak atea zabaldu du Peinado epaileari espedientea irekitzeko, Poliziari egindako aipamenengatik

Erabakia aurrera atera da sektore aurrerakoiko hiru bokalen eta Perello presidentearen botoei esker.

Peinado epailearen artxibo irudia. Argazkia: EITB Media

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ), barne zatiketa agerian utzita, diziplina neurriak aztertzeko bidea ireki du Juan Carlos Peinado epailearen aurka. Arrazoia da ebazpen judizial batean egindako adierazpen batzuk: Begoña Gómezen segurtasunaz arduratzen diren agenteek izan lezaketen jokabidea jarri zuen zalantzan. Hain zuzen ere, epaileak asteazken honetarako deitua zuen Gomez deklaratzera.

Zehazki, CGPJren batzorde iraunkorrak —Isabel Perello presidenteak kalitatezko botoa erabilita— agindu du aztertzea ea Juan Carlos Peinadok hutsegite diziplinario larririk egin ote zuen Begoña Gómezen bizkartzainek herrialdetik ihes egiten lagundu liezaioketela iradokitzean.

Aginte gehiegikeriaren susmoa

Erabakia aurrera atera da sektore aurrerakoiko hiru bokalen eta Perello presidentearen botoei esker. Orain, diziplina ekintzaren sustatzaile Ricardo Condek aztertu beharko du Peinadok "begirune falta larria" eta "aginte gehiegikeria edo botere abusua" egin ote zituen.

Kontseiluko sektore kontserbadoreko lau bokalek, berriz, boto partikularra aurkeztu dute. Haien ustez, Peinadok adierazpenok egin zituen ebazpena Madrilgo Probintzia Auzitegian aurkeztutako errekurtsoen bidez berrikusi behar da, eta ez CGPJren bidez. Izan ere, kontseilua bere eskumenetatik kanpoko gaietan "legez kanpo" sartzen ari dela iritzi diote.

Begoña Gómez epaitzera bidali eta pasaportea kentzea erabaki zuen autoan, Peinadok idatzi zuen "ez dagoela zalantzarik" gobernuburuaren emaztearen bizkartzaileek, une jakin batean, "ekimen propioz edo beren nagusien aginduei jarraituta", ihesa errazteko egin litezkeen ekintzetan lagundu lezaketela, eta horrek auzipetua justiziaren esku ez egotea eragingo lukeela

Publizitatea
X