EAJk Zupiriaren aurkako pintada bat gaitzetsi du
Hondarribiko EAJk Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren aurka agertutako pintaketa bat gaitzetsi du. Babacar Welle Senegalgo herritarra hil ondoren agertu da pintada hori Gipuzkoako herrian.
Welle astelehenean hil zen, udaltzain batek tiro egin ostean. Poliziaren bertsioaren arabera, labana batekin ertzain bati eraso egin nahian ari zenean egin zion tiro udaltzain batek.
EAJk sare sozialetan adierazi duenez, "irainera eta mespretxura jotzen duenak sinesgarritasun guztia galtzen du", eta Hondarribia "egun zailak" bizitzen ari dela aitortu du.
"Gertatutakoak mina eta harridura eragin ditu gure herrian", horren arabera, eta egoera gertutik bizitzen ari direnei elkartasuna eta gertutasuna helarazi dizkie.
"Errespetua, lasaitasuna eta bizikidetza"
EAJk nabarmendu du hain gertakari «tragikoak» ezin duela errespetua eta bizikidetza alboratu. Halaber, gorroto eta beldurra eragiten duten mezuek "iraganeko tentsio sozialeko garaietara" itzularaz dezaketela ohartarazi du.
"Zatiketak eta liskarrak gorrotoa baino ez dute elikatzen, nondik datorren alde batera utzita", adierazi du. Horregatik, "errespetua, lasaitasuna eta bizikidetza" eskatu ditu Hondarribian.
PPk ere gaitzetsi du pintada
PPk ere gaitzetsi du Hondarribian agertutako pintada. Ainhoa Domaica legebiltzarkideak Alderdi Popularraren "babesa eta gertutasuna" adierazi dizkio Segurtasun sailburuari.
"Euskadin nazkatuta gaude etengabeko gorroto giroarekin, etengabeko larderia eta mehatxuekin. Demokrazian ez dute lekurik", idatzi du Domaicak X sare sozialean.