LEHORTEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

UAGAk Barredo sailburuaren dimisioa eskatu du bazkaren aferaz egindako adierazpenengatik

Nekazarien elkarteak Jaurlaritzaren "immobilismoa" eta "sektoretik urruntzea" salatu du. Bestalde, ENHE sindikatuak lehorte egoera izendatzea eta "ez ohiko laguntzak" eskatu ditu jasandako kaltea konpentsatzeko.

Fardo de hierba seca en Larrabetzu / lasto-fardo

Belar-bolak. Argazkia: Sabino de Bilbao Atxa.

Nekazarien elkarteen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko tentsioa areagotzen ari da azken egunetan, lehortearen kudeaketa eta aziendarentzako bazkaren erosketa direla eta. Arabako UAGA elkarteak Amaia Barredo sailburuaren dimisioa eskatu du ostegun honetan, hark Radio Euskadin egindako adierazpenen ostean. "Arduragabekeria, ezjakintasuna eta entzuteko gaitasun eza" leporatu dizkio eta Jaurlaritzaren "inmobilismoa" eta sektorearen errealitatearekiko duen "urruntzea" salatu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak "Boulevard" saioan adierazi du Eusko Jaurlaritzak "lanean" jarraitzen duela bazka batera erosteko, Bazkaren Mahaiaren deialdia irailean egin izanagatik jaso dituen kritikei erantzunez. Espero du irailean sektorearen esku jarriko dituela erosteko bideak, uste baitu bazkaren defizit handiena urritik aurrera izango dela.

Adierazpen horiei erantzunez, oharra kaleratu du UAGA elkarteak. Sailburuak esandakoa "arduragabe" eta abeltzainen eguneroko lanari egindako "benetako errespetu falta" direla adierazi du. "Gure animaliek egunero jaten dute, eta aste horiek gainkostua dakarte baina, Lakuako bulego batetik, sailburuak ez du larritzat jotzen", gaineratu du.

Erakundeak gogorarazi duenez, sektoreak "asteak daramatza egoera hori pairatzen", eta bazka euren kontura erosten hasi dira; izan ere, Eusko Jaurlaritza "beste behin ere, berandu eta gaizki iritsiko den beldur" da.

UAGAk deitoratu egin du, gainera, sailburuak adierazi izana "udaberrian sektoreak % 20 bazka gehiago jaso" duela. "Non, Barredo andrea?", erantzun dute, eta gaineratu dute "ez dakigu zer den larriagoa:  sailburuak adierazpen horiek ezjakintasunetik egin eta akatsa egin izana edo diskurtso publikoa difamatzeko eta desitxuratzeko asmoz egin izana".

Horregatik Barredoren dimisioa eskatu du, "bere adierazpen arduragabeengatik, sektorearen errealitatea ezagutzen ez duelako, eta entzuteko gaitasunik erakutsi ez duelako ".

EHNEk "aparteko laguntzak" eskatu ditu

Bestalde, EHNE baserritarren elkarteak ostiral honetan lehorteak utzitako ondorioen gaineko bere eskaerak jakinarazi ditu  sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez. Bittor Lokatek azaldu duenez, lehortearen ondorioz "egoera muturrekoa" da, eta bazka eta ur gastuak handitzeaz gain, "ekoizpenean eragin zuzena" izan du.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari ez ohiko laguntza ekonomikoen lerro bat eskatu dio "jasan duten kalte ekonomiko eta produktiboa konpentsatzeko" eta abelburu bakoitzeko zenbakiak ere proposatu ditu; hasi hegazti bakoitzeko euro bateko laguntzatik eta abelburu bakoitzeko 200 euroko laguntzaraino. Larreak ereiteko dirulaguntzak eta lehorte egoera ezartzea ere galdegin du EHNEk. Era berean, "bazkaren erosketa publikoa aukera erreal eta azkarra" izatea eskatu du. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Amaia Barredo: "Eusko Jaurlaritza lanean ari da abeltzainekin hartutako epeak eta konpromisoak betetzeko"

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak aurreratu duenez, Jaurlaritzak "irailaren hasierarako" abeltzaintza-sektorearen esku jarriko ditu lehengai batzuk batera erosteko bideak, lehorteak eragindako belar eskasia dela eta. Radio Euskadin ostiral honetan egindako elkarrizketa batean, Barredok azaldu du Bazka Mahaia oraindik deituta ez dagoen arren, horrek ez duela esan nahi atzerapenak egongo direnik: "Administrazioa ez dago bileraren zain erosketa bateratua prestatzeko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X