Tubos Reunidos erosteko bost eskaintza onenek plantilla murriztea eta lan-baldintzak aldatzea proposatu dute
Horietatik hiru Amurrioko lantegia eta Trapagarangoa erosteko prest daude; beste biak, Trapagarangoa erosteko prest baino ez.
Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia.
Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen duen konkurtso-administratzaileak ostiral honetan argitaratu du enpresa erosteko bost eskaintza onenen inguruko informazioa. Langile kopurua murriztea eta lan-baldintzak aldatzea proposatu dute guztiek. Era berean, hiru erosle prest leudeke bi lantegiak erosteko, Amurriokoa eta Trapagarangoa. Beste bi eskaintzak, aldiz, Trapagarango lantegian bakarrik daude interesatuta.
Konkurtso-administratzaileak argitaratutako informazioak ezkutuan utzi du eskaintzak egin dituztenen identitatea. Hala ere, aurrez jakina zen horietako bat Jose Antonio Jainaga buru duen enpresa talde batena zela, eta enpresaren bi plantak erosteko interesa zuela.
Bost erosle horiek planteatzen dituzten baldintzak erakusten dituen koadroa Tubos Reunidosen webgunean argitaratu dute. Hiru alderditan bat datoz bostak: langileen subrogazioan, plantillaren murrizketan eta lan baldintzen aldaketan.
Egin duten eskaintza ekonomiko nagusiari dagokionez, bik euro bat eskaintzen dute, beste batek 100.000 euro, laugarrenak milioi bat euro eta eskaintzarik onena 27,5 milioi eurokoa da. Enpresak 300 milioi euroko zorra du.
Bost eskaintzetatik hiruk zabaldu dute talde osoa erosteko aukera, 900 langile dituen Amurrioko lantegi nagusia barne. Beste biek Trapagarango lantegian bakarrik dute interesa. Azken honek 400 langile ditu, hodi mota handiago bat egiten du eta eskaera gehiago ditu.
Administrazio Kontseiluari, langileen legezko ordezkariei eta langile guztiei informazioa helarazi ondoren, urriaren 21ean zuzendaritza enpresa batzordearekin bilduko da eskaintzen azterketa egiteko.