Batez besteko errenta % 7,2 handitu zen Euskadin 2024an, 28.170 euroraino
Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan izan zen batez besteko errenta altuena (29.559 euro), ondoren Bizkaian (27.733 euro), eta, azkenik, Araban (26.698 euro).
Euskadin bizi diren adin nagusiko herritarren batez besteko errenta 28.170 eurokoa izan zen 2024an, hau da, aurreko urtean baino % 7,2 (1.899 euro) handiagoa, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jakinarazi duenaren arabera.
Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan izan zen batez besteko errenta altuena (29.559 euro), ondoren Bizkaian (27.733 euro), eta, azkenik, Araban (26.698 euro).
2023arekin alderatuta, Gipuzkoan % 7,3 handitu zen errenta duela bi urte, Araban eta Bizkaian baino pixka bat gehiago (% 7,1 eta % 7,2 handitu zen bi lurralde horietan, hurrenez hurren).
Hiriburuetan, baina, areagotu egiten da lurralde batetik besterako aldea. Izan ere, donostiarren batez besteko errenta 33. 867 eurokoa izan zen 2024an, EAEko batez bestekoa baino 5.697 euro handiagoa; Bilbon 28.521 eurokoa izan zen; eta Gasteizen, 27.143 eurokoa.
Errenta pertsonalen diru sarreren erdia baino gehiago (% 57,8, zehazki) lanean jasotakoa zen (16.280 euro batez beste). % 28,9, berriz, transferentzia edo gizarte prestazioetatik jasotako diru sarrerak ziren (guztira, 8.151 euro), eta % 9,1 kapital errentetatik, higigarrietatik zein higiezinetatik jasotakoa (2.556 euro).
Bestalde, Eustaten arabera, 18 urtetik gorako 1,6 milioi pertsonak jaso zuten errentaren bat, hots, euskal herritarren % 88,6k. Horietatik % 8,7k batezbestekoaren bikoitza gainditzen duen errenta daukate; hau da, 56.340 eurotik gorako errenta.