Tubos Reunidosek TRSA matrizea likidatzeko fasea abiatu du
Enpresak Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari esan dionaren arabera, hartzekodunen konkurtsoan inork ez du interesik izan.
Tubos Reunidosen lantegia. Artxiboko irudia: EFE.
Tubos Reunidosen matrizea hartzekodunen konkurtsoan da ekainetik, eta Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari eskatu dio likidazio fasea irekitzeko, inork ez baitu interesik harengan.
Arabako enpresaren administrazio kontseiluak CNMVri bidalitako testuaren arabera, TRSA saltzeko prozesuaren eboluzioak ezinezko bihurtu du hartzekodunekin akordioa lortzea.
“Salerosketa prozesuaren eboluzioa ikusita (eskaintzaile batek ere ez du erakutsi interesik TRSAren akzioengan) eta ez denez hartzekodunekin hitzarmenik lortu, Administrazio Kontseilua, atzo, urriak 19, bildu zen eta, Konkurtsoaren Administrazioarekin adostuta, Tubos Reunidos SAren likidazio fasea gaur irekitzeko eskatzea erabaki du”, idatzi dute.
Gaur egun, zortzi pertsonak egiten dute lan TRSA jatorriko enpresan, eta bulego batzuk ditu Madrilen alokatuta.
Egun batzuk lehenago, Tubos Reunidosek bost eskaintza hautatu zituen. Den-denek langile gutxiago izatea ekarriko lukete. Soilik hirutan mantenduko lirateke Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) lantegiak. Edozein kasutan, matrizea ez dago ekoizpen unitate horien barruan, beraz, salerosketa prozesuak aurrera jarraitu du.
Likidazioa Gasteizko auzitegi batek onartu beharko du hurrengo egunetan. Prozesuak denbora beharko du, eta ez du eragingo sozietatea berehala ixtea.