Torre Pachecoko ekonomiaren bizkarrezurra: nekazaritza-lanpostuen ia % 60 migratzaileek betetzen dituzte
Udalerri horretako biztanleen % 31 atzerritar jatorrikoak dira; % 92, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik joandakoak. Migratzaileek nekazaritzako lanpostuen erdiak baino gehiago betetzen dituzte, eta horrek ageri-agerian uzten du eskualdearen ekonomiaren oinarrian migratzaileak daudela.
Hainbat lagun, Torre Pachecon (Murtzia), paseoan. Argazkia: EFE
Non dago?
Murtziako udalerri bat da Torre Pacheco, eta Campo de Cartagena eskualdean dago.
Zein da jarduera ekonomiko nagusia?
Fruta eta barazkiak lantzen dira batik bat, nekazaritza intentsiboa zein estentsiboaren bidez (letxuga, meloia, orburua, brokolia eta piperra), soroen, negutegien eta ureztatze-zelaien bidez. Zitrikoak ere ekoizten dituzte: limoia, laranja eta mandarina.
Zenbat biztanle ditu?
2025eko honetan, 41.684 bizilagun daude erroldatuta udalerrian; horietatik % 69 (28.780 biztanle) espainiarrak dira, eta gainerako % 31 (12.904 biztanle), berriz, atzerritarrak.
Migrazioa
Kanpotik etorritako 12.904 bizilagun horietatik, % 92 (11.927 pertsona) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetakoak dira, eta gainerako % 8a (977 pertsona), Europar Batasuneko herrialdeetakoak.
Guztira, 96 herrialdetako lagunak bizi dira bertan.
Horien artean, Marokotik joandako migratzaileak dira gehien-gehienak, 6.300 lagun marokoar baino gehiago baitaude erroldatuta (udalerrian bizi diren eta EBkoak ez diren pertsonen % 53).
Iturria: Torre Pachecoko Udala
Murtziako ekonomiaren oinarri
Udalerrian egiten diren kontratuen % 83 nekazaritzan lan egiteko dira, eta horietatik % 85 eskuz egindako nekazaritza-lanetarako dira.
2021etik 2024ra, Murtzia osoan sortutako lanpostuen % 54 migratzaileek bete zituzten. Datu horrek ageri-agerian uzten du eskualdearen ekonomiaren bizkarrezurrari migratzaileek eusten diotela, eta haien ekarpena funtsezkoa dela.
Iturria: BBVA Research eta Torre Pachecoko Udala