euskara
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskararen kontrako epaiei “batasunez” erantzutea eskatu dute 200 herri-ordezkarik baino gehiagok, Bilbon

Gorenak VOX alderdiari men egin eta Udal Legea garatzen zuen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu berritan, erantzun bateratua eman dute gaur, Bilbon, 200 bat alkatek, udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkarik, “euskararen defentsan”.

GRAFCAV885. BILBAO, 24/07/2025.- Alcaldes y alcaldesas, representantes municipales y personalidades del ámbito del euskera de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa, ante el TSJPV en la capital vizcaína, donde denuncian la sentencia del Tribunal Supremo sobre el uso del euskera en las instituciones locales.EFE/Luis Tejido

200 alkatek eta herri-ordezkarik euskararen aurkako azken epaia salatu dute, Bilbon. Argazkia: EFE

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Euskal Autonomia Erkidegoko 200 bat alkatek, udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkarik erantzun bateratua eman diote gaur, Bilbon, euskararen aurkako azken epaiari. Iragan astean, Auzitegi Gorenak Voxen helegitea onartu eta euskara babesten duten hainbat artikulu baliogabetu zituen.

Hitzorduan izan dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Martin Aramendi Ataungo alkate eta UEMAren lehendakaria, Esther Apraiz Derioko alkate eta EUDELen lehendakaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia.

Azken horrek hartu du hitza agerraldian, eta salatu du sententziak erabat hausten duela azken hamarkadetako kontsentsua, eta autogobernua nabarmen kaltetzen duela. “Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da”, adierazi du.

Kontseiluaren idazkari nagusiak adierazi du, halaber, euskara hizkuntza gutxitua denez gero, egoera “oso larria” dela. Gogora ekarri ditu, udal legeaz gain, “euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatu duten” gainerako 30 sententziak.

Horregatik, gaur Bilbon bildu direnek uste dute horri guztiari “batasunetik” erantzun beharra dagoela. “Aurrera egiteko garaia da”, adierazi du Eskisabelek, eta horretarako “segurtasun juridikoa indartu” eta “beharrezko legeak” aldatu behar direla azpimarratu du.

Gauzak horrela, adierazi du “euskararen erabilerak dagokion lekua” har dezan “beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa” hartu dutela gaurko hitzorduan elkartu direnek. “Euskara behar dugu, eta euskarak behar gaitu”, esan du.