SUTEA NAFARROAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Urzainkiko suteak aktibo jarraitzen du, baina itzaltzeko lanek aurrera egin dute

Biztanleak eta azpiegiturak arriskutik kanpo daude. Perimetroak ez du aurrerapen esanguratsurik izan gauean, tenperaturak behera egin duelako, hezetasunak lagundu duelako eta suhiltzaileek gune bero isolatuetan lan egin dutelako.

Sutea Urzainki udalerrian (Nafarroa), Zangozako merindadean. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Aste honetan Urzainkin, Gazpar haitzaren inguruan, tximista batek piztutako suteak aktibo jarraitzen du, baina "herritarrak eta azpiegiturak ez daude arriskuan". Hori dela eta, sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute larunbat honetan.

SOS Nafarroak jakitera eman duenez, perimetroak ez du aurrerapen esanguratsurik izan gauean, tenperaturak behera egin duelako, hezetasunak lagundu duelako eta suhiltzaileek gune bero isolatuetan lan egin dutelako.

Gaueko txandan, Tutera, Lizarra eta Cordovillako suhiltzaileen hiru brigada egon dira inguru horretan lanean, eta Cordovilla, Tafalla, Zangoza eta Azkoiengoen txanda heldu da goizean. Era berean, Ingurumeneko teknikariak eta langileak ere ari dira bertan lanean.

Aireko baliabideei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren hiru helikoptero eta MITECOren bi helikoptero ari dira lanean.

Datozen orduetan zaparradak eta ekaitz bakanak espero dira, batez ere Pirinioetan, eta litekeena da sutearen inguruan euria egitea ilunabarrean.

Ekialdeko haizea ibiliko da, orduko 45 kilometrorainoko boladak izan daitezke, eta ipar-ekialdekoa gailenduko da ipar partean eguerditik aurrera.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X