ETXEBIZITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du etxebizitzak alokairuan jartzen dituztenentzako aseguru publikoa

Alokaplusek eremu tentsionatuetan alokatzen duten jabeentzat funtzionatuko du, azaroan sartuko da indarrean, 20 hilabetera arteko bermea emango du, etxebizitzako hornidurak eta kalteak ere estaliko ditu. Horren bidez 25.000 etxebizitza huts mobilizatzea espero da.

Gasteiz. Argazkia: EITB

Eusko Jaurlaritzak Alokaplus programa onartu du gaur, asteartez, Gobernu Kontseiluan. Etxebizitza merkatuko eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan etxebizitzak alokatzen dituzten jabeei (gehienez bost etxebizitza dituztenei) zuzendutako doako aseguru publikoa da.

Jaurlaritzak eremu horietan dauden 25.000 bat etxebizitza hutsen zati bat merkaturatzea eragin nahi du programa horrekin, errenta ordaintzen ez dutenen, ordaintzeke dauden hornidura fakturen eta maizterrari egotz dakizkiokeen kalteen aurrean babesa eskaintzeko. Prezioen gorakada moteltzeko eta alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko ekimenen barruan kokatu dute neurria.

"Alokaplus etxebizitza behar den lekuetan desblokeatzeko jaio da", adierazi du Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak, eta esan du hutsik dauden higiezinen zati bat ez dela alokatzen, jabeak errentak ez jasotzearen edo kalteen beldur direlako.

"Politika publikoaren betebeharra da arazo horiek desagerraraztea, bermeak eskaintzea eta blokeatutako etxebizitzak erabilgarri jartzea", adierazi du sailburuak. Helburua etxebizitzak mobilizatzea dela azpimarratu du, "berme publikoz eta arrazoizko prezioei lotua", jabeen segurtasuna ez dadin kostu edo oztopo izan alokairu bila dabiltzanentzat.

Ez ordaintzeak

Estaldura orokorra 14 hilekoa izango da gehienez, eta 20ra arte luzatu ahal izango da errentariak 35 urte edo gutxiago baditu, 65 urte baino gehiago baditu, guraso bakarreko familia bateko kide bada, adingabeak ardurapean dituen bizikidetza-unitate bateko kide bada, edo dibertsitate funtzionala edo psikikoa badu.

Aseguruan sartuko dira, halaber, jabeak ordaindu dituen hornidurak eta maizterrak bere erantzukizun edo zabarkeriagatik eragindako kalteak.

Nork eska dezake?

Alokairua ez ordaintzearen kasuan, segurua martxan jarriko da epaitegiak kontratua idargabetzeko eta etxebizitza berreskuratzeko demanda izapidera onartzen duen unean. Estalitako zenbatekoek hitzartutako errenta eta erreferentziako araudiak ezarritako mugak izango dituzte neurri; araudia aplikagarria ez denean, udalerriko hileko batez besteko errentaren % 95 hartuko da erreferentziatzat, alokairu librearen merkatuko estatistika erabilgarriaren arabera.

Alokaplus gehienez bost etxebizitzaren jabe diren pertsona fisikoei zuzenduko zaie. Etxebizitza horiek ohiko bizileku gisa izateko alokairura bideratu beharko dira, eta tensio handiko eremu izendatutako udalerrietan egon beharko dira. Programa kontratu berrietan nahiz indarrean dauden alokairuetan erabili ahal izango da, betiere baldintzak betetzen badira eta errenta-mugak errespetatzen badira. Horrekin bat egiteko, errentatzailearen eta maizterraren arteko konpromiso-agiri bat sinatu beharko da, eta kontratuari dagokion eranskina erregistratu beharko da ez ordaintzeagatiko demanda judiziala aurkeztu aurretik. 

Laguntzen eskaera izapidetzeko bi bide izango dira: jabeak etxebizitza berreskuratu duenean edo lehenago. Lehenengo kasuan, jabeak hiru hilabeteko epea izango du higiezinaren jabetza berreskuratu duela egiaztatzen duenetik, eta eskaera aurkeztu beharko du aginduak eskatutako dokumentazio guztiarekin batera. Espedientea izapidetu eta ebatzi ondoren, ebazpena aldekoa bada, emandako zenbatekoa eta estalitako zenbatekoak zehaztuko dira. 

Bigarren aukeran, eskaera hori egiteko aukera egongo da salaketa judizialaren lehenengo sei hilabeteetan. Jabeak, ondoren, luzapena eskatu ahal izango du higiezina berreskuratu eta hurrengo hiru hilabeteetan, 14 edo 20 hilabeteko mugara iritsi arte. 

Errentariaren zorra ez da berez kitatuko

Aseguruak ez ditu errentariaren zorrak kitatuko. Eusko Jaurlaritzak jabeari dagozkion zenbatekoak ordaintzen dizkionean, Administrazioak maizterrari eskatuko dio diru hori itzultzea, aplikatu beharreko araudiaren arabera. "Ez ditugu zorrak kitatuko eta ez du behin betiko karga bihurtuko Administrazioan", ohartarazi du Itxasok. "Jabeari segurtasuna emango diogu, baina betebeharrak betetzen ez dituenaren erantzukizunak bere horretan jarraituko du", azaldu du. Mekanismoak errentatzailea babestu nahi du, errentaria bere erantzukizun ekonomikoetatik salbuetsi gabe.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X