MEMORIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Perturren desagerpenari buruzko kale erakusketa bat inauguratu dute Donostian, egia eta justizia eskatzeko

Maria Jesus San Jose sailburuak erantzukizuna betetzeko eskatu dio Espainiako Estatuari, eta duela 50 urte desagertutako ETAren buruzagi politiko-militarrarekin gertatutakoa argitzeko beldurrik ez izateko eta laguntzeko eskatu die informazioa dutenei.

Donostiako Okendo plazan, astearte honetatik aurrera, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Biktimarik gabeko desagerpena erakusketa egongo da ikusgai. Gogora Memoriaren Euskal Institutuaren eskutik antolatu dute erakusketa, eta Alberto Alonso erakundearen zuzendariak ez ezik, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eta Jon Insausti hiriko alkateak parte hartu dute inaugurazio ekitaldian.

22 panelek osatutako erakusketa azaroaren 2ra arte egongo da ikusgai, Perturren 76. urtebetetze egunean.

"Trantsizio garaian desagertutakoen familiek bilaketa horretatik behin betiko libratu eta atseden hartzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dut gaur hemen", adierazi du San Josek ekitaldian.

Sailburuak Estatuari eskatu dio "bere erantzukizuna bete dezala" eta ahalegindu dadila krimen horiek argitzeko. Desagerpenari buruzko daturen bat dutenei ere zuzendu zaie: "Beldurra baztertu eta lagundu. Hori baita zauri hau ixteko modua, hainbat hamarkada geroago, haien faltaren zauri sendaezina".

Inaugurazioan Lurdes Auzmendik, desagertu zenean Eduardo Moreno Bergaretxeren bikotekide zenak, bideo bidez parte hartu du, baita haren senide eta gertukoek ere. Auzmendik Moreno-Bergaretxe familiaren eskaera plazaratu du, "gertatutakoari buruzko zantzurik zein xehetasunik txikienaren berri" dakien edonork informazio hori eman dezala, modu anonimoan bada ere. "Oso krudela da desagertutako pertsona bati zer gertatu zaion es esatea", adierazi du. Perturren gurasoak semearen gorpuzkiak non zeuden jakin gabe hil zirela gogorarazi du, eta familiak haren memoria gordetzeko konpromisoari eusten diola.

Erakusketak frankismoaren azken aldiaren eta Trantsizioaren testuingurua, Perturren bizitzaren azken hilabeteak eta bost hamarkada garrenean ere argitu gabe dagoen haren desagerpenaren egiletzari buruzko hipotesiak aztertzen ditu. Familiako argazkien, Perturrek eskuz idatzitako gutunaren, garaiko prentsako profesionalen irudien eta hemerotekako dokumentuen bidez, kontakizun historikoa eta oroimena eta giza eskubideak ardatz dituen ikuspegia uztartzen ditu erakusketak, Jaurlaritzaren arabera

Erakusketaren azken zatiak familiaren sufrimenduan jartzen du arreta, batez ere gurasoenean, eta erakundeen biktima aitortzarik ezan ezartzen du azpimarra. Gogorak salatu egin du Moreno-Bergaretxe sendiak ez duela "ez egiarik, ez justiziarik ez erreparaziorik" lortu, eta etengabeko birbiktimizazio prozesua pairatu duela. Erakusketak Euskadin motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan agertu barik jarraitzen duten beste pertsona batzuen berri ere ematen ditu: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia, Fernando Quiroga eta Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra. Azken panelak QR kodea dakar, Ines Moreno Bergaretxe Eduardoren arrebaren, Andres Müller-Thyssen Bergaretxe lehengusuaren eta Lurdes Auzmendiren testigantzak entzuteko aukera ematen duena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X