Gipuzkoako Fiskaltzak 43 urteko kartzela zigorra eskatu du Tolosako osteopatarentzat, sexu erasoak leporatuta
Ustezko erasotzaileari sei sexu eraso eta sei abusu delitu leporatzen dizkiote. Behin-behinean espetxean dago 2024ko otsailetik, eta oraingoz ez dago epaiketa egiteko datarik jarrita.
Tolosaldeko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EITB
Gipuzkoako Fiskaltzak 43 urteko kartzela zigorra eskatu du Tolosako osteopatarentzat, hamar emakumek, tartean adin txikiko batek, sexu erasoak salatu ondoren. Zehazki, sei sexu eraso eta sei abusu delitu leporatzen dizkiote. Aipaturiko gizona behin-behinean espetxean dago 2024ko otsailetik.
2024ko urtarrilaren 22an atxilotu zuen Ertzaintzak, Tolosaldeko osteopatia zentro batean sexu erasoa jasan zuten hainbat emakumeren salaketak jaso ostean. Guztira, hamar dira osteopata salatu duten emakumeak.
2024ko otsailean Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak osteopata espetxeratzeko agindua eman zuen, behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe, salaketen larritasuna eta ihes egiteko arriskua ikusita.
Oraingoz ez dago epaiketa egiteko datarik jarrita.