"Bizi Natura" EITBren saioa saritu du Euskal Kazetarien Elkarteak
Urdaibaiko Biosfera Erreserba, padurak eta bertako ingurunea Euskal Telebistaren agertoki natural bihurtu zituen telebista esperientzia arrakastatsua nabarmendu dute Ingurumen Komunikazioa atalean.
"Bizi Natura"ko lantaldea.
Gaur, urriak 16, eman ditu ezagutzera Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak 2026ko Euskal Kazetaritza Sariak. Aurtengo udaberrian, EITBk Brutal Mediarekin elkarlanean Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik emititu duen "Bizi Natura" saioa nabarmendu dute Ingurumen Komunikazio atalean.
BBCren "Springwatch" formatu arrakastatsuaren egokitzapenak Urdaibaiko Biosfera Erreserba, padurak eta bertako ingurunea Euskal Telebistaren agertoki natural bihurtu zituen hiru astez. 18 kameren bidez, fauna, flora eta ingurune paregabe horretan hobekien gordetako sekretuetako batzuk gertutik bizitzeko aukera eskaini zigun. Dibulgazio zientifikoa, entretenimendua eta ingurumen-kontzientzia uztartu zituen esperientzia eder honi euskal gizarteak emandako harrera ezin hobea izan zen: 600.000 lagunek baino gehiagok egin zuten bat Euskal Telebistarekin, eta ETB ON plataforman 12.500 erreprodukzio ordu baino gehiago izan zituen.
"Bizi Natura"ko lantaldearekin batera, Euskal Kazetaritza Sarien 15. edizioan honako hauek nabarmendu dituzte: Nieves Concostrina (Adierazpen Askatasunaren Jose Mari Portell Saria); Santi Segurola (Ibilbide Profesionalaren Saria); Paco Etxeberria (Pertsonaia edo Erakunde Soziala); Jose Miguel Rodríguez (fotokazetaritzako Juantxu Rodríguez Saria); "Kepa Junkeraren Ahotsak" podcasta (Kazetaritza Digitala eta narratiba berriak), eta Mikel Ezkerro (Ohorezko Saria).
2026ko Euskal Kazetaritza sari banaketa ekitaldia azaroaren 4an izango da, 19:00etan, Bilboko Sala BBK aretoan. BBK Fundazioa, Euskaltel, IHOBE eta Bilboko Udala dira babesleak.