Gasteizen bi adingaberi sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako adin nagusikoak aske gelditu dira behin-behinean
Gasteizko guardiako epaitegiak behin-behinean aske uztea erabaki du Arabako hiriburuan bi adingaberi sexu-eraso bat egin zietelakoan asteartean atxilotu zituzten adin nagusiko bi gizonak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, bi susmagarriak aldian-aldian, eta deitzen dieten guztietan, epaitegira bertaratzeko betebeharra dute, eta biktimengandik 250 metro baino gutxiagora komunikatzeko eta hurbiltzeko debekua ezarri zaie.
Bi gazte horiek, 18 urtekoak, asteartean atxilotu zituen Ertzaintzak, 17 urteko beste bi pertsonarekin batera, bi sexu-erasoren egileak identifikatzeko eta aurkitzeko ikerketa baten harira. Adin txikikoak Fiskaltzaren esku gelditu dira eta ez da jakinarazi haiei buruz zein erabaki hartu duten.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuenez, lau atxilotuek aurrekariak zituzten eta hainbat aldiz ikertu edo atxilotu izan dituzte.
Sexu erasoak astelehen goizaldean gertatu ziren Gasteizko Alde Zaharreko aparkaleku batean.