Egoera zerbait baretu da Iran eta Israelen artean, Trumpen errietaren ondoren
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du ez duela Iranen aurkako erasorik egingo eta su-etena errespetatuko duela. Donald Trump AEBko presidentearekin hitz egin ondoren esan du hori; buruzagi estatubatuarrak bi aldeei errieta egin zien atzo, su-etena indarrean sartuta egon arren, elkarri misilak jaurtitzen jarraitu zutelako.
Israelen eta Estatu Batuen kontrako protestak, Teheranen. Argazkia: EFE.
Su etena
Jerusalemgo enbaxada zabaldu du AEBk
Goizaldean zabaldutako ohar baten bidez, AEBk jakinarazi du gaur zabalduko duela atzera berriz Jerusalemgo bere enbaxada. "AEBk Jerusalemen duen ebaxadak ohiko hitzorduak berreskuratuko ditu, pasaporte estatubatuarrak eta atzerrian jaiotakoen txostenak bideratzeko", dio mezuak.
Menia hauskorra
Trumpek Iranen eta Israelen arteko su-etena iragarri ondoren, egoera zerbait baretu da, baina bi aldeak jakitun dira menia une batetik bestera hautsi daitekeela. AEBko presidenteak Irani zein Israeli errieta egin zien atzo publikoki, menia indarrean sartuta ere, misilak jaurti zizkiotelako elkarri.
CNNren arabera, AEBen erasoek ez zuten Irango ahalmen nuklearra suntsitu
CNNk argitaratutako AEBen inteligentziaren txosten baten arabera, Irango hiru instalazio nuklearren aurka egindako erasoek ez zuten proiektuaren funtsezko zatia suntsitu. Zenbait hilabetez atzeratu zuten.
Donald Trumpek behin eta berriz esan du uranioa aberasteko instalazioak erabat desagerrarazi zituztela. CNNk argitaratutako balorazioak eta The New York Times egunkariak aipatutako beste inteligentzia txosten batek sei hilabeteko atzerapena baino ez dute aipatzen.
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak esan du balorazio hori okerra izan zela.
Israelen arabera, Trumpek Bakearen Nobel saria irabazi beharko luke
Danny Danon Israelek NBEn duen enbaxadoreak esan du Trumpek Bakearen Nobel saria merezi duela, su etena lortzeagatik. "Uste dut eskertu behar dizkiogula bere lidergoa eta hartu zituen erabakiak, eta, horrela, AEBen ahaleginak aitortu", esan du.
Buddy Carter kongresista errepublikanoak proposamen hori egin dio Nobel sarien batzordeari, Irani "planetako armarik hilgarriena" eskuratzea "eragozteagatik".
Danonek, gainera, espero du akordiori esker herrialde arabiar gehiagok Abrahamgo Akordioekin bat egitea. Akordio horiek Trumpek bultzatu zituen bere lehen agintaldian, eta horien bitartez herrialde batzuek Israelgo Estatua onartu eta harreman diplomatikoak ezarri zituzten.
Israelek esan du indarrez jokatuko duela Iran bere programa nuklearra martxan jartzen saiatzen bada
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du orain arteko "determinazio" eta "indar berberarekin" jokatuko dutela Iranek bere proiektu nuklearrari berriro ekiten badio. "Iranek ez du izango arma nuklearrik", gehitu du. Ustez, ofizialki onartuta ez dagoen arren, Israelek baditu arma nuklearrak.
Normaltasuna itzuli da Israelgo aireportuetara
Ben Gurion (Tel Aviv) eta Haifako aireportuak normaltasunera itzuliko dira bihartik aurrera. "Errutinara itzultzeko, erretiratu egingo dira hegaldien kopuruan dauden muga guztiak, baita hegaldi bakoitzeko bidaiari-kopuruaren muga ere. Gainera, bidaiariak eta haien lagunak aireportuetara sartzeko murrizketak kendu egingo dira", iragarri du Israelgo Aireportuen Agintaritzak.
Israelen erasoen kontrako manifestazioa Teheranen
Su etena indarrean sartu eta gerra bukatu den egunean, Teherango hiritarrak kalera irten dira Israelen erasoen kontra.
Irango presidenteak bukatutzat eman du Israelek orain dela 12 egun hasitako gerra
Masud Pezeshkian Irango presidenteak bukatutzat eman du gerra. "Su etena ikusten ari gara, eta erregimen sionistaren eraso zuhurtziagabeak eta belizismoak Irango herriari inposatutako 12 eguneko gerraren bukaera", esan du komunikatu batean.
Israelgo Armadak esan du Iranen kontrako kanpaina ez dela bukatu
Eyal Zamir Israelgo Armadako buruak esan duenez, "Iranen kontrako kanpaina ez da bukatu". Israelgo militarrak "fase berri batean sartzen ari dira".
"Kapitulu garrantzitsua itxi dugu", baina deia egin du "oinak lurrean" izatera eta "lo ez geratzea". Orain, "fokua Gazara itzuliko da", esan du.
EANAk laster bildu nahi du Iranekin
Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusia pozik agertu da su etenarekin, eta "laster" biltzeko eskatu dio Irani, "programa nuklearrari buruzko eztabaida luzeari" irtenbide diplomatikoa jartzeko.
Iranek programa nuklearra abiatuko du berriro
Irango Energia Atomikorako Agentziak iragarri duenez, programa nuklearra "etenik gabe hasiko da berriro". "Uranioa aberasteko prest gaude; gure programa ez da geldituko", esan du.
Pezeshkian: "Erregimen sionistak su-etena urratzen ez badu, Iranek ere ez du urratuko"
Masud Pezeshkian Irango presidenteak adierazi du "su-etena errespetatzeko" asmoa duela. "Erregimen sionistak su-etena urratzen ez badu, Iranek ere ez du urratuko", esan du Malaysiako lehen ministroarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean.
Irango presidenteak gogorarazi duenez, Israelek erasoak hasi zituen Iran AEBrekin negoziatzen ari zen bitartean, "pentsatuta Teheranek erantzuteko gaitasunik ez zuela eta egun gutxi barru amore emango zuela".
Pezeshkian, gainera, Qatarreko eta Irakeko erasoak AEBetako instalazio militarren aurkakoak izan zirela gogorarazi du. "Auzoko eta eskualdeko herrialde guztiak laguntzat ditugu, eta harremanak eta lankidetza hobetu nahi ditugu", azpimarratu du.
Gutxienez 610 pertsona hil ditu Israelek Iranen
Irango Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 610 pertsona hil eta 4.700tik gora zauritu dira Isralen erasoen ondorioz uztailaren 13tik.
Ruttek Trump zoriondu du Iranen egindakoagatik
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak Trump zoriondu du Iranen "erabakigarri" jokatzeagatik. "Apartekoa izan da, eta inor ez zen ausartzen", esan dio aliantza militarraren bileraren atarian, AEBko presidenteak berak argitaratu duenez.
Normaltasuna Ormuzko itsasartean
Itsasonziak arazorik gabe igarotzen ari dira Ormuzko itsasartetik, Iran eta Musandam (Omanen esklabea). Irango Parlamentuak trafikoa oztopatzeko eskatu zuen, Israelen erasoen eta nazioarteko erantzun faltaren aurrean.
Guterresek su etena errespetatzeko eta Gazara hedatzeko eskatu du
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Iranen eta Israelen arteko su etena "erabat" errespetatzeko eskatu die bi estatuei. "Borrokak eten behar dira. Bi herriek nahikoa sufritu dute", gehitu du.
Gainera, su etena eskualdeko beste tokietan ere nabaritzea eskatu du, Gazako Zerrendari erreferentzia eginez.
Iranek erasorik ez dagoela baieztatu du
Irango Segurtasun Nazionaleko Goi Batzordeak ospatu du Israelek eraso gehiago ez egiteko "alde bakarrez" hartu duen erabakia. Irango Gobernuaren arabera, hautu hori Iranen erantzun militar "indartsuaren" ondorio zuzena da.
Iranek ez du akordiorik baieztatu, baina Abbas Araghchi Atzerri ministroak esan du Iranek ez duela bonbardaketa gehiagorik egingo, horiek Israelen erasoei egindako erantzunak besterik ez zirelako.
Israelek ziurtatu du ez duela Iranen kontrako eraso gehiagorik egingo
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Donald Trumpekin hitz egin du, eta, ondoren, bere bulegoak ziurtutatu du ez duela Iranen kontrako erasorik egingo. Teheran iparraldearen kontrako eraso bat burutu du, baina Iranen erasoei erantzuten ari zela esan du.
Trump Israelekin haserre, eta esan du horrek ez duela eraso gehiagorik egingo
Donald Trump deseroso agertu da Israelekin, su etena sartu ostean Teheran iparraldearen kontrako eraso bat egiteagatik, baina azpimarratu du Estatu sionistak bete egingo duela eta inor ez dela zauriturik izango.