Nicolas Hulot Frantziako Ekologia ministroak dimisioa eman du
Nicolas Hulot Frantziako Trantsizio Ekologikorako ministroak dimisioa eman du astearte honetan, haren esanetan, karguan egon den urtebetean ez delako gai honi lotutako benetako aurrerapausorik eman.
France Inter irratian egin dioten elkarrizketan eman du bere erabakiaren berri. Horren hitzetan, ez die aurretik bere erabakia jakinarazi ez Emmanuel Macron presidenteari, ezta Edouard Philippe lehen ministroari ere, bera konbentzitzen saiatuko zirelako, baina udan zehar ondo hausnartutako kontua izan dela adierazi du.
"Pestiziden erabilera gutxitzen hasi al gara? Ez. Bioaniztasunaren higadura kontrolatzen hasi al gara? Ez. Lurra artifizial bihurtzea geldiarazteko zerbait egiten hasi al gara? Ez", deitoratu du militante ekologista ezaguna ere badenak. "Ez dut neure buruari gezurrak esaten jarraitu nahi. Ez dut inork pentsatzerik nahi ni Gobernuan nagoelako arazo horien mailan gaudela, eta horregatik hartu dut Gobernutik ateratzeko erabakia", azaldu du.
Halaber, ingurumenaren aldeko borrokan Gobernuaren baitan bakarrik sentitu dela onartu du.
Dena den, Hulotek ez du nahi bere dimisioa Macronen Gobernuaren kontra eraso egiteko erabiltzerik, Emmanuel Macron eta Edouard Philippe "zinez" estimatzen dituelako. Politikan jarraituko ote duen galdetuta, Emmanuel Macronen Gobernuari kalte egingo liokeen ezer ez duela egingo azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik