Armengolek azaldu du Air Europako presidentearen aholkularia zelako elkartu zela Victor Aldamarekin
Kongresuko egungo presidente eta Balear Uharteetako presidente ohia denak agerraldia egin du Senatuko ikerketa batzordean, eta berretsi du ez duela Victor Aldamarekin mezurik trukatu.
Francina Armengol, Senatuko ikerketa batzordean. Argazkia: Europa Press.
Francina Armengol Kongresuko egungo presidente eta Balear Uharteetako presidente ohiak esan duenez, Air Europako presidente ohia zen Pepe Hidalgorekin covid pandemiaren garaian elkartu zen Victor de Aldamarekin, Armengol Hidalgoren aholkularia zelako.
Armengolek 'Koldo auzi'ko sareari buruz Senatuan egiten ari diren ikerketa batzordean egin ditu adierazpen horiek, astearte honetan.
"Ez dut gezurrik esan, ezta informaziorik ezkutatu ere", errepikatu du behin baino gehiagotan, Angel Pelayo Voxen bozeramaileak bere lehen galdeketan gezurra esatea leporatu baitio. Balearretako presidente ohiak Voxeko senatariari ziurtatu dio ez dutela ustelkeria kasuetan haren zantzurik aurkituko; "oso lasai nago", esan du.
Testuinguru horretan, Kongresuaren presidenteak berretsi du aurretik egindako ikerketa batzordeetan "gogoratzen zuen guztia" eta "zekien guztia" kontatu zuela. Azaldu duenez, Balearretako presidente zenean, mila pertsona baino gehiago hartu zituen entzunaldian, "eta ezinezkoa da izen-abizen guztiak gogoratzea".
Hori dela eta, Aldamak harekin bildu zela esan berritan, zehaztu du idazkariarekin batera begiratu duela presidente izan zeneko agenda osoa. "Air Europa konpainiako Pepe Hidalgo presidentearekin egin nuen bileran Aldama egon zen, hori da topatu dugun azalpen bakarra", gaineratu du.
Era berean, Voxen senatariak Aldamaren eta Armengolen arteko balizko mezu batzuk aipatu ditu, baina Kongresuko presidenteak ukatu egin du WhatsApp mezu horiek egon zitezkeenik, eta berretsi du ez duela Koldo sarean nahastuta dagoen Aldamaren kontakturik ere.