EH Bildu eta Podemos bat datoz ziklo politiko berri bat abiatzeko beharrarekin
EH Bilduk Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten eragile politiko guztiekin irekitako bilera-sortan kokatzen da gaurko topaketa.
EH Bilduko eta Podemoseko buruzagi nagusiek bilera egin dute ostiral honetan Gasteizen, ziklo politiko berri bat irekitzeko eta "78ko erregimena gainditzeko".
EH Bilduren aldetik, Arnaldo Otegi idazkari nagusia, Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkaria eta Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria izan dira. Podemosen izenean, Ione Belarra buruzagiak eta Irene Montero idazkari politiko eta eurodiputatuak parte hartu dute.
Bileraren aurretik eta ondoren ez dute adierazpenik egin, baina bi alderdiek ohar bateratu bat argitaratu dute. Bi indar politikoek konpromisoa hartu dute hitz egiten jarraitzeko, "eskubide eta askatasunen konkistan pauso irmoak emateko, arlo sozial zein nazionalean aurrera egiteko eta ezinbestekoa den erregenerazio demokratikoa gauzatzeko".
Hitzorduan, "ezegonkortasunak, ziurgabetasunak eta eskuin muturraren gorakadak jotako testuingurua" aztertu dituzte, eta ziklo politiko berri bat irekitzeko eta "78ko erregimena gainditzeko beharra" nabarmendu dute.