Gernikako Juntetxean Espainiako bandera ostu eta pintaketa bat egin dute
"Gurea ikurriña" zioen pintaketa batekin esnatu da eraikina gaur goizean, eta atean dauden Espainiako eta Europako banderarik gabe. Ernaik, bere aldetik, "ikur espainolisten" aurkako kanpaina amaitu dela iragarri du, eta Durango utzi ditu lapurtutako objektuak.
Gernikako Juntetxea. Argazkia: Begoña Gil
'Gurea ikurriña' margotu dute ezezagun batzuek gaur goizaldean Gernikako Juntetxean sartzeko eskaileretan, eta Espainiako eta Europar Batasuneko bandera ofizialak lapurtu dituzte, Bizkaiko Batzar Nagusiek jakitera eman dutenez.
Batzar Nagusietako Mahaiak (EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Bizkaia) "erabateko gaitzespena" adierazi du "pintaketaren eta bandera ofizialen lapurretaren aurrean", "askatasunaren, demokraziaren eta bizikidetzaren aurkako ekintzak direlako".
Bizkaiko Batzar Nagusiek ohar baten bidez salatu dutenez, "Bizkaiko herri subiranotasunaren sinboloa den eta Gernikako Arbola, Euskal Herriaren askatasunaren, demokraziaren eta bakearen ikur unibertsala hartzen duen espazioaren kontra egin dute".
"Bizkaitar guztien egoitzaren aurkako eraso honek bizikidetza baketsuaren giroa eta euskal gizarteak normalizazioaren, bakegintzaren eta giza eskubideen errespetu osoaren alde dagoen konpromiso sendoa urratzen ditu", gaineratu dute.
Era berean, "lurraldeko kultur ondarearen eta urtero milaka bisitari erakartzen dituan leku baten irudiaren kontrako erasoa" dela adierazi dute.
Bizkaiko Batzar Nagusien esanetan, "indarkeriazko ekintza bakar batek ere ez du lekurik askatasunarekin konprometitutako gizarte demokratiko eta plural batean".
EAJk EH Bilduri esan dio ezin duela erantzukizuna saihestu
EAJ kezkatuta agertu da Ernairen "indarkeria ekintzak areagotu" direlako, eta adierazi du EH Bilduk ezin duela "erantzukizuna saihestu, gazte antolakundea bere "siglen pean" ari delako jokatzen.
Ohar batean, EAJk baieztatu du ekintza horiek ez direla "gertakari isolatuak", eta erantsi du "onartezina dela horrelako erasoak normaltasun osoz burutzea", "beste garai batekoak" direla iritzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera