Accionaren presidentearen aurka eginbideak abiatzea eskatu du Fiskaltzak, Nafarroako Ikerketa Batzordera joan ez zelako
Birritan deitu du Nafarroako Parlamentuak Jose Manuel Entrecanales enpresaria eta bietan huts egin du hitzordura. Fiskaltzaren arabera, desobedientzia delitutzat har daiteke.
Nafarroako Fiskaltzak Jose Manuel Entrecanales Accionaren presidentearen aurkako eginbideak abiarazteko eskatu dio instrukzio auzitegiari, Nafarroako Parlamentuko esleipen publikoei buruzko Ikerketa Batzordean ez agertzeagatik, nahiz eta bi aldiz deitu, urtarrilean eta otsailean. Fiskaltzaren ustez, gertakariak desobedientzia-delitua izan daitezke, eta Entrecanales ikertu gisa deklaratzera deitzeko eskatu du.
Accionaren presidenteari birritan jarri diote hitzordua Nafarroako Parlamentuko batzorde horretan; urtarrilaren 20an eta otsailaren 9an. Bi-bietan huts egin zuen.
Azken lau legegintzaldietan Nafarroako Gobernuak egindako edo finantzatutako obrekin lotuta, Accionak parte hartu zuen lizitazio, esleipen eta administrazio-prozedurei buruz Entrecanalesek daukan informazioaren berri izatea zen batzordearen helburua. Besteak beste, Belateko tuneletako lanei buruz galdetu behar zioten. Accionak Osés Construccionekin eta Santos Cerdanekin lotzen duten Servinabarrekin partzuergoa osatu zuen lehiaketa horretara aukezteko.
Presidentearen ordez, Accionak konpainiaren bi ordezkari bidali zituen Parlamentura: Joaquín Mollinedo, Erakunde Harremanetarako, Komunikaziorako eta Markarako zuzendaria, eta José Julio Figueroa, zuzendaritzako kidea bera. Alabaina, ez zieten utzi Batzordearen aurrean hitza hartzen, zitaziorik ez zeukatelako. Horrez gainera, idatzi bat ere aurkeztu zuen enpresak, argudiatuz "zitazioa sozietateari" bidali ziotela, "ez presidenteari beren-beregi", eta zitazioak "enpresak ordezkaria izendatzeko duen eskubidea urratzen" zuela.
Hala ere, Fiskaltzaren ustez, Jose Manuel Entrecanales ez agertzeak "ez du justifikaziorik"; izan ere, "Legebiltzarrak berak espresuki ohartarazi zuen" alegazio-idatziak eta konpainiak bidalitako bi zuzendariek ez zutela "beste inor agertzeko" beharra ordezkatzen.
Ministerio Publikoak uste du egitateak Zigor Kodearen 502. artikuluan aurreikusitako Estatuko erakundeen aurkako delitua izan daitezkeela, eta, horregatik, prozedura penala irekitzeko eskatu dio epaitegiari.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik