Alderdi politikoen erreakzioak, Gorenak 'biloben legearen' inguruan hartutako erabakiaren aurrean
PSOEk esan du erabakia errespetatzen duen arren, ez duela elkarbanatzen. PPk eta Voxek, bestalde, txalotu egin dute 'biloben legea'ren bitartez nazionalitatea lortu dutenek ezingo dutela azaroaren 29ko hauteskundeetan bozkatu.
Auzitegi Gorenaren fatxada. Artxiboko argazkia: Europa Press
Erreakzio soka luzea eragin du Auzitegi Gorenak 'biloben legea' delakoagatik Espainiako herritartasuna eskuratu zutenen boto eskubidea kautelaz bertan behera uztea erabaki izanak. Hortaz, Voxen helegiteak eskatu bezala, ezin izango dute azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan bozkatu.
PSOEk erabakia errespetatu du, baina ez elkarbanatu
Montse Minguez PSOEren bozeramaileak astearte honetan adierazi duenez, bere alderdiak Gorenaren erabakia errespetatzen duen arren, ez du elkarbanatzen 'biloben legea' delakoaren harira Espainiako herritartasuna eskuratu zutenen boto eskubidea bertan behera uztea.
RNEn egin dioten elkarrizketan erabakia deitoratu du, kaltetuek beste hauteskunde batzuetan bozkatu dutelako eta boto eskubidea kenduta oinarrizko eskubide bat ukatu zaielako.
PP: "Ez dago garbitasun demokratikorik, errolda garbirik ezean"
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak esan du bere alderdiak ikuskatzaileak eta ahaldunak bidaliko dituela hauteskunde "mahai guztietara" azaroaren 29an, eta ohartarazi du ez dagoela "garbitasun demokratikorik errolda garbirik ezean".
esRadio irrati katean egin dioten elkarrizketan Feijook gogorarazi duenez, Hauteskunde Batzorde Zentralak "erroldaren garbitasuna" zaindu behar du eta organo horrek aurrez esana zuen instrukzio hori legearen aurka zihoala.
Erabaki "zentzugabea" da, EH Bilduren arabera
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, "zentzugabea" da 'biloben legea' deiturikoaren bitartez nazionalizatutako 163.000 pertsonen boto eskubidea kautelaz bertan behera utzi izana.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Aizpuruak Botere Judizialaren independentzia falta salatu du eta auzitegiek politika egitea deitoratu du "beste interes batzuen" mesedetan.
Gaia "lehenbailehen" argitzea eskatu du EAJk
Maribel Vaquero EAJren Kongresuko bozeramaileak auzia "lehenbailehen" argitzea eskatu du.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, ez daki atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle erroldak (CERA) zenbaterainoko eragina duen EAEn eta ea erabakigarria izango den eserlekuen banaketan.