2016-2017KO LEP-A

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osakidetzako filtrazioengatik auzipetutako medikuak ukatu egin du azterketa errainari filtratu izana

Errainak ere eman du bere lekukotza gaurko saioan, eta esan du osasun zerbitzuko goi kargudunek "izutu" egin zutela, eta horregatik erabaki zuela azterketa prozesutik "aldentzea". Gainera, haren berbetan, "eginahalak egin zituzten" osasun sistema pribatura joan zen arte.

Osakidetzaren 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoko (LEP) azterketako galderak errainari filtratzeaz akusatutako medikuak ukatu egin du filtraziorik egin izana, eta ziurtatu du semearen bikotekideak —hura ere auzipetuta dago— ez zuela bere laguntzarik behar izan. "Gainera, uko egin behar izan zion LEP hari, Euskal Osasun Zerbitzuko goi kargudunen mehatxuak jasan zituelako", esan du.

Arabako Lurralde Auzitegiak epaiketaren bigarren eta azken saioa egin dute gaur, asteazkenarekin. Bertan, akusazioek eta defentsek azken txostenak aurkeztu baino lehen, bi akusatuek beren testigantzak eman dituzte.

Azterketako galderak errainari filtratzeaz akusatutako medikua izan da hitza hartzen lehena, eta adierazi du kirurgia plastikoko azterketa teorikoa prestatzen aritu zela, beste batzuekin batera. Zehaztu du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen dei bat jaso zuela enkargu horrekin. Azaldu du telefonoz deitu ziotela,—ez du deitu zionaren izena eman—, "denboraz estu" zebiltzala esateko, eta azterketako galderak prestatzen lagunduko ote zien galdetu zioten orduan.

Auzipetuaren esanetan, baldintza batekin onartu zuen eskatutakoa: azterketaren erdia bakarrik egingo zuen, eta beste erdia beste pertsona batek prestatuko zuen. Osakidetzari "mesede bat egiteko" asmoz egin zuela ere esan du.

Ondoren, argitu du enkargu hori onartu zuenean uko egin ziola epaimahaiko kide izateari, bazekielako errainak azterketa prozesu horretan parte hartuko zuela.

Orduan, Fiskaltzak galdetu dio ea zergatik ez zion uko egin azterketaren zati bat prestatzeari, eta auzipetuak erantzun dio ez dela gauza bera epaimahaian parte hartzea eta "galdera batzuk prestatzea". 

Halaber, ukatu egin du bere errainari azterketako galderen berri eman ziola, eta ziurtatu du kontsulta zezakeen bibliografiari buruzko "gomendio orokor bat" baino ez ziola egin.

Bestalde, azaldu du azterketaren emaitzak plazaratu zirenean Osakidetzako Giza Baliabideetako arduraduna berarekin harremanetan jarri zela, errainak LEPari uko egin ziezaion eskatzeko; izan ere, esan duenez, beste hautagairen batek inpugnatzen bazuen, azterketa errepikatu egin beharko litzateke, eta horrek "lan handia" ekarriko luke. Horiek horrela, eta behin hori jakinda, erraina Lan Eskaintza Publikotik "aldendu" zen, "arrazoia edozein zela ere".

Bere testigantzan argitu du, baita ere, ez zela harritu oposiziogileak berak prestatutako 46 galderetatik 44 asmatu zituelako. Akusatuaren hitzetan, ez zitzaion arraroa egin berak egindako azterketaren zatian puntuazio ona izatea, "Euskaditik kanpoko ospitale batean horri buruz espezializatu zelako".

Gainera, azpimarratu du auziko galderetako bederatzi ez zituela berak prestatu, azterketaren diseinuan parte hartu zuen beste medikuak baizik.

Errainak adierazi du hainbat goi kargudunek "izutu" egin zutela

Osakidetzako filtrazioen aferagatik auzipetuta dagoen bigarren lagunak ere, medikuaren errainak, lekukotza emando gaurko saioan, eta esan du osasun zerbitzuko goi kargudunek "izutu" egin zutela, eta horregatik erabaki zuela azterketa prozesutik "aldentzea". Gainera, haren berbetan, "eginahalak egin zituzten" osasun pribatura joan zen arte.

Zentzu horretan, argi utzi du azterketa hartan inork ez ziola lagundu, eta ez zuela inolako gomendiorik jaso. Izan ere, nabarmendu du ez zekiela bere aitaginarreba azterketa prestatzen ari zenik ere.

Filtrazioen auzia zabaldu zenean jakin omen zuen auzipetuak espedientea irekiko ziotela. Epaiketan kontatu duenez, azterketa prozesutik "aldentzeko" eskatu eta Osakidetzan lanean jarraituko zuela hitzeman zioten, "nahiz eta azkenean ez zuten esandakoa bete".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X