Anthony Myint sukaldari estatubatuarrak Basque Culinary Prize saria jaso du
Ikerketa eta tresna praktikoak uztartuz, Myint jatetxeekin elkarlanean ari da, ingurumenean eragina murrizteko saiakeran. Anthony Myintek 100.000 euro jasoko ditu, gastronomiaren botere eraldatzailearen ikur izango den egitasmoren baten inbertitzeko.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, ZeroFoodprint eta Perennial Farming Initiative proiektuaren bidez, jatetxeen eta ingurumenaren arteko harreman aztertzen du Myintek. Karbono arrastoa murrizteko aukera bideragarriak planteatzen dizkie elikagai enpresei, baita karbono isuririk ez sortzeko ere.
Munduko dozenaka jatetxe konbentzitu ditu dagoeneko, jasangarritasunaren aldeko mugimenduarekin bat egiteko, besteak beste, Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko).
Myint ekonomialariak, bere emazte Karen Leibowitz kazetariarekin batera, ingurumenaren aldeko ekintza bultzatu du bere ibilbidea Mission Street Food jatetxe ospetsuan hasi zuenetik, 2008an.
Basque Culinary Prize sariaren irabazlea "benetan hunkituta" azaldu da, sariak elikadura munduko irtenbide baikorretan arreta jarri duelako.