Fiskaltzak eginbideak abiatu ditu Murtziako Voxen presidentearen kontra, gorroto delituak egitea leporatuta
Fiskaltzak ohar bidez zehaztu duenez, Jose Angel Antelok Torre Pachecoko istiluak direla eta egindako adierazpen publikoak eta sare sozialetan argitaratutako testuak ikertuko ditu, delitu zantzurik ote dagoen argitzeko.
Kaleak, bare, astelehen honetan, Torre Pachecoko San Antonio auzoan (Murtzia). Argazkia: EFE
Murtziako Fiskaltza Nagusiak eginbideak hasiko ditu, astearte honetan, Vox alderdi ultraeskuindarrak autonomia erkidego horretan duen presidentearen aurka, Torre Pachecon gertatzen ari denaren harira egindako adierazpenetan gorroto deliturik dagoen ala ez aztertzeko.
Fiskaltzak ohar bidez zehaztu duenez, Jose Angel Antelok sare sozialetan argitaratutako iruzkinak ere ikertuko dituzte, eta ikerketa gorroto delituen fiskalak hartuko du bere gain.
PSOEk, Izquierda Unidak eta Podemosek ultraeskuineko buruzagia Ministerio Publikoaren aurrean salatu ondoren hartu du erabakia Fiskaltzak.
Ikerketaren berri izan aurretik Antelok berak kazetarien aurrean adierazi duenez, "egia esatea ez da, inoiz, gorroto delitua izango". Halaber, azaldu du aurretik ere antzeko delituak leporatuta salatu izan dutela.
Bestalde, berretsi du Voxek ez duela "inoiz" indarkeria erabiltzeko deirik egin; are, nabarmendu du Santiago Abascal buru duen alderdia dela erasoak eta mehatxuak jasaten ari dena.