euskara
Gorde
Kendu nire zerrendatik

200 alkate eta herri-ordezkarik ekitaldia egingo dute Bilbon, euskararen aurkako azken epaia salatzeko

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, 11:00etan bilduko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren atarian alderdi eta sentsibilitate ezberdinetako ordezkariak euskararen inguruan Gorenak emandako azken epaiari erantzun bateratu bat eman asmoz.

Gorenak emandako azken epaiaren aurrean UEMAK deitutako elkarretaratzeetako bat

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alderdi eta sentsibilitate ezberdinetako 200 alkate eta herri-ordezkarik ekitaldia egingo dute gaur Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, "euskararen defentsan". Besteak beste salatuko dute Gorenak berretsi egin izana Udal-Legeko hainbat artikuluren baliogabetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren atarian izango da hitzordua, goizeko 11:00etan. 

Kontseiluaren arabera, "oso larria" da epaia, eta uste du VOXi men eginez, eta erkidegoko auzitegi nagusiaren erabakia berretsita, Gorenak oztopatu egiten duela euskararen normalizazioa, eta mugatu egiten duela udalek demokratikoki gauzatzen duten hizkuntza-politika.

Gizarteak modu zabalean babesten ditu normalizazio politikak, Euskalgintzaren aburuz, eta ondorioz, sententziak "zalantzan jartzen du euskal erakundeen autogobernua zein euskal gizartearen borondatea". 

Testuinguru horretan, eta erantzuna elkarrekin ematea ardatz hartuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 200dik gora alkate eta udal hautetsi, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetakoak, eta euskalgintzako ordezkari nagusiak elkarrekin ekitaldia egingo dute euskararen defentsan.