Gaur abiatuko da sagardo denboraldia Gipuzkoan
Sagardun Patzuergoa erakundeak antolatuta, Astigarragako Petritegi sagardotegian emango diote hasiera txotx denboraldiari, eguerdian.
Ordu batzuk baino ez dira geratzen txotx sasoiari hasiera emateko Gipuzkoan. Astigarragako Petritegi sagardotegian irekiko dute aurreneko kupela, 13:45 inguruan, eta Euskal Pilota Selekzioko ordezkariek izango dute lehen sagardoa dastatzeko ohorea, edalontzia altxatu eta urteroko hitzak ozen esanez: 'Gure sagardo berria'.
Dena dela, Sagardo Berriaren Eguneko ekitaldiak 12:00etan hasiko dira, Erribera kultur etxean egingo den aurkezpenarekin. Bertan, uzta berriaren nondik norakoak eta sektorearen azken berriak azalduko dituzte. Besteak beste, agerraldian izango dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Astigarrako Udaleko, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura elkarteko eta Euskal Pilota Selekzioko ordezkariak.
Ekitaldi hori amaituta, denek Petritegi sagardotegirako bidea hartuko dute, kupela ireki eta uzta berriari lehen tragoa emateko.
Irekiera ekitaldi gehiago
Eta behin sasoiari hasiera emanda, irekiera ekitaldi gehiago izango dira datozen egunotan, eskualde ezberdinetan. Hala, bihar, urtarrilak 15, Goierriko sagardotegien txanda izango da; Zeraingo Oiharte sagardotegian egingo da aurtengo ekitaldia. Arabakoek ere ostegun honetan ekingo diote, Trebiñu sagardotegian, eta baita, Nafarroakoek ere; azken horiek Lekunberriko Toki-Alai aukeratuko dute lehen tragorako. Usurbilgo Saizarren ere bihar zabalduko dute txotxa.
Etzi, berriz, Urnietako Eulan eta Andoaingo Mizpiradin abiatuko dute denboraldia, eta datorren asteartean, urtarrilak 20, Bizkaiko sagardotegiek zabalduko dituzte kupelak; ekitaldi ofiziala Zornotzako Uxarten egingo dute.
3,1 milioi litro sagardo
Euskal Sagardoa deiturapean 46 sagardotegi ari dira lanean egun Euskal Herrian. Azken urtean, 3,1 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte, bertako 250 sagastietako 4,4 milioi kilo sagar erabilita. Uzta handia izan da, baina espero baino % 15 sagar gutxiago bildu da orokorrean.
Joan den astean eman zituzten datuok, Donostian egin zuten aurkezpenean. "Sagardotegira gerturatzen den bezeroak jakin behar du bertako ekoizle baten etxera egingo duela bisita, bertako lurretik bizi den familia baten etxera", esan zuten.
Sagardoa
Euskal Sagardoa izendapeneko sagardotegiek 3,1 milioi litro ekoitzi dituzte aurtengo kanpainan
Euskal Sagardoa jatorri-deiturari atxikitako 46 sagardotegiek 3,1 milioi litro edari ekoitzi dituzte kanpaina berrirako. Horretarako, bertako fruta-arboletako 4,4 milioi kilo sagar erabili dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera