Osasun Ministerioak autonomia erkidegoen urgentziazko bilera deitu du astelehenerako, Ceutara txertoak bidaltzeko
Bilera telematikoki egingo da. Gehien behar diren txertoak hirukoitz birikoa, barizela, poliomielitisa, tetanosa eta difteria gaitzen kontrakoak dira.
Zenbait migratzaile Loca Colmenar inguruan, duela gutxi egokitu gunean. Argazkia: EFE
Espainiako Osasun Ministerioak autonomia-erkidegoek osatzen duten Osasun Publikoaren Batzordearen premiazko bilera deitu du astelehen honetarako, uztailaren 30etik aurrera Ceutara iritsitako migratzaile oldearen aurrean dagoen txerto beharrari aurre egiteko.
Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, bilera telematikoki egingo da, eta txertoak bidaltzeko elkartasun mekanismoa aktibatzea izango du helburu. Gehien eskatzen ari diren txertoen artean daude hirukoitz birikoa, barizela, poliomielitisa, tetanosa eta difteria gaitzen aurkakoak.
Pedro Gullon Osasun Publikoko zuzendari nagusiak azaldu duenez, txertoen hornidurari "lehenbailehen" ekin behar zaiolako egin dute ezohiko deialdia.
Bestalde, Javier Padilla Estatuko Osasun idazkaria Ceutara itzuliko da astelehen honetan, migrazio-krisiak eragindako osasun-egoera aztertzeko. Profesionalek presio asistentziala salatzen dute, eta gero eta ika-mika handiagoa dago Osasun Kudeaketarako Institutu Nazionalarekin (Ingesa).
Duela astebete hiri autonomoan izan zen Garcia Osasun ministroa eta "kolapso sanitarioa" ukatu zuen arren, "bereziki tentsionatutako" eremuak bazeudela onartu zuen, Larrialdiak, Barne Medikuntza eta Lehen Mailako Arreta, esate baterako.
Padillaren itzulera bertsio ofizialaren eta osasun-langileen arteko bertsioaren artean talka handia dagoenean gertatuko da.
Hainbat migratzaile Ceutako kaleetan. Argazkia: EFE
Medikuen Elkargoak, sindikatuek eta erakunde profesionalek ohartarazi dutenez, migratzaileen iritsiera masiboak eragindako presioak muturrera eraman ditu lehendik egiturazko arazoak zituzten plantillak.
Uztailaren 31tik abuztuaren 14ra bitartean, Ingesak 5.801 asistentzia zenbatu zituen krisiarekin lotuta, eta horiei Gurutze Gorriak Tranpolin hondartzan egindako 2.500 asistentziak gehitu behar zaizkio.
Osasun arazo ugari sortzen ari dira, gainera, pilaketa eta osasungarritasun-baldintza eskasei lotuta.
Osasun Sailak jakitera eman zuen 18 adingabek eman zutela positibo Mantouxean eta tuberkulosiaren bi kasu baieztatuta zeudela. Profesionalek, berriz, gastroenteritis, sarna eta inpetigoagatiko kontsultak ere ugaritu direla ohartarazi dute.