GAZTEAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gernikako gaztetxeko kideek Udalak bertan egin nahi duen liburutegiko obrak atzeratzeko eskatu dute, alternatiba ziur bat izan arte

Duela urtebete baino gehiago okupatu zuten Gazte Asanbladako kideek “hamar urte baino gehiagoz hutsik” egon den eraikina.

Gazte asko bildu dira astelehen honetan Gernikako egungo gaztetxearen aurrean. EITB.

Goiz nahasia izan da Gernikan, gaur egun gaztetxea dagoen eraikinean liburutegia egiteko lanek hasi behar zuten egunean.

Izan ere, Udalak eskatua zien gaztetxeko kideei bart gauerako eraikina hutsik utz zezaten, gaur, astelehenarekin, bertara joatekoa baitzen liburutegia atontzeko lanak egingo dituen enpresa.

Gaur, ordea, bertaratu diren bakarrak gaztetxearen bueltako dozenaka gazte izan dira. Goiz-goizetik gaztetxe atarian bildu dira, irtenarazi nahi dituztela salatzeko eta hura babesteko.

Egurre Gazte Asanbladako kideek adierazi dutenez, Udalari alternatiba ziur bat eskatzen diote proiektuarekin jarraitu ahal izateko, eta bien bitartean, lanak atzera ditzala.

Eskaera horrekin joan dira, hain zuzen ere, gaur goizean udaletxera eta alkatearekin hitz egiterik izan ez badute ere, Udal ordezkariekin hitz egiten aritu dira.

Handik irtendakoan adierazi dutenez, Udalak ez die “ezer argirik” esan eta “alternatiba ziurrik eman gabe” jarraitzen du. Informazio falta salatu dute gazteek. Gaur-gaurkoz ez dakite zer gertatuko den gaztetxearekin.

Duela urtebete baino gehiago okupatu zuten gazte asanbladako kideek “hamar urte baino gehiagoz hutsik” egondako eraikina.

Diotenez, ez daukate gaztetxea beste nonbaitera aldatzeko inongo arazorik, beti ere gazteei politikoki antolatzeko eta proiektua aurrera eramateko leku bat bermatzen badiete. Horixe eskatzen diote Udalari, hain zuzen ere.  

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X