Giro aparta Bilbon, lehiaketa gastronomikoan, bilbainadekin, eta publiko guztientzako hamarnaka jardueratan
Musika, antzerki eta dantza ikuskizunak tradizio jarduerekin uztartuko dira astelehen honetan, hala nola lehiaketa gastronomikoarekin, zezensuzkoarekin eta su artifizialekin. Gaur Athleticeko jokalarien harrera izango da eta Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioa egingo du.
Bilboko Aste Nagusiko lehen asteburuaren ostean, publiko guztiarentzako jardueraz beteriko programazioarekin hasi du hiriak astelehena. Goizetik goizaldera arte, ez dira falta musika, gastronomia eta era guztietako ikuskizunak.
Eguna 10:00etan hasi da txistularien diana eta txupinarekin, eta Areatza sukaldaritzaren epizentro bihurtu da. Nagusientzat, lehiaketa gastronomikoak abiatu dira, pistoa prestatu beharko dute gaurkoan; eta txikienek sukaldaritza tailerra egin dute Gastrotxiki gunean, gaur, entsaladak prestatzen ikasteko.
Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Udalbatzako ordezkariekin batera, Athletic Clubek Aste Nagusian egin ohi duen harreran izan da, 10:30ean, Ibaigane jauregian.
Aste Nagusiko goizero bezala, 11:00etan erraldoi eta buruhandiak atera dira Euskal Museotik gaitari eta txistulariekin, eta Alde Zaharra musikaz bete da Udal Txistulari Bandaren kalejirarekin.
Aldarriak ere izan du lekua festan, izan ere, Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioa egin du gaur, 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta, pentsio duinen alde, bai eta Palestinako genozidioa salatzeko ere.
Eguerditik, era guztietako tailerrak izan dira konpartsetan: taloak, lorezaintza, txotxongiloak, harri-jasotzea, maskara tailerra, etab.
Txikigunea Casilda Iturrizar parkean egongo da zabalik, egunero 11:00etatik 16:30era, eta Erripan txikiek puzgarriez gozatu ahal izango dute 11:00etatik 14:00etara.
Musika hitzorduak izan dira eguerdian: Pergolan, Gau Pasa bilbainadekin, eta Areatzako kioskoan, Udal Musika Bandaren kontzertuarekin.
Kale antzerkia, Txema Muñozen eskutik gaur; publiko guztiei zuzendutako Gota magia eta antzerki ikuskizuna eskaini du, 12:30ean Bizikidetza plazan, eta emanaldia errepikatuko du 19:30ean, Pergolan.
Musika, bertsoak eta dantzak arratsaldean
13:00etan, Alde Zaharrean beste bilbainada erronda bat izan da, Bilbotarrak taldearekin, eta, egunero bezala, Santiago Plazan bertso saioa izan da (gaur Miren Amurizak, Xabat Illarregik, Ekhuñe Zapiainek eta Aitor Mendiluzek abestu dute).
15:00etan, Areatzako kioskoan, gastronomia lehiaketako sariak banatuko dira.
15:30ean karaoke ibiltaria izango da Algaratik, eta 18:00etatik aurrera SBKk (Salsa, Bachata, Kizomba) hartuko du lekukoa Askapeñan.
Arratsaldero bezala, 19:00etan euskal dantza saioa izango da Gas plazan, gaur Erandioko Goialde taldearen eskutik.
Gauez, rocka, su artifizialak eta berbena
Gaua erritmoz beteta dator: 20:00etan, Bilborock Aretoak XXXIX. Metal Pop-rock Erakustaldia hartuko du Nuzz eta Scusi Boys taldeekin. Gas plazan, ordu berean, erromeria eta Larrain Dantza izango dira, eta Plaza Biribilean, 20:00etatik 23:00etara, dantzaldia izango da Sukar taldearekin.
20:30ean, Gizakunde elizan biolin eta piano kontzertua izango da Tatiana Samouil eta Josu Okiñenarekin.
21:00etan Anari Kaskagorriko eszenatokira igoko dira eta ordu berean, Arriaga Plazan, zezensuzkoa aterako da. 22:30ean suek jarraituko dute, baina orduan zeruan, gaur Uruguaiko Supernova pirotekniak aurkeztuko duen ikuskizunarekin.
Jaia gaueko ordu txikietara arte luzatuko da, hiru proposamenekin: Evaristo Txurruka kaian, Anna Colomek (Bartzelona) flamenkoa eskainiko du; Pergolan, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana arituko da; eta Mirua Abandoibarrako eszenatokira igoko da.
Gauak txosnetan jarraituko du kontzertu eta DJekin, goizaldera arte.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera