Gizon bat atxilotu dute Dulantzin, borroka batean beste gizon bat ibaira botatzeagatik
Ustezko erasotzaileari hilketa saiakera leporatu diote, eta biktima Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dute, zauriak artatzeko.
57 urteko gizon bat atxilotu dute astelehen honetan Dulantzin (Araba), hilketa saiakera leporatuta, borroka batean beste gizon bat ibaira botatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Biktima Txagorritxu ospitalera eraman behar izan dute, zauriak baitzituen.
00:14ak aldera gertatu da Solandia parkearen inguruan. Ertzaintzara deitu dute, ibaiaren ertzean gizon bat konorterik gabe zegoela ohartaraziz.
Hainbat ertzain bertaratu dira, eta egiaztatu dute lau metro inguruko altuera zuen horma baten azpian, ibaiaren ertzaren ondoan, 45 urteko gizon bat zegoela etzanda. Gizona konorterik gabe zegoen, kolpe ugari zituen eta buruan odola zeukan.
Lekukoen testigantzari esker Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, minutu batzuk lehenago biktimak eztabaida izan du erasotzailearekin, eta erasotzaileak, une jakin batean, hanketatik heldu eta ibaira bota du. Ondoren, ihes egin du.
Handik gutxira, Ertzaintzak ustezko erasotzailea aurkitu du, 57 urteko gizon bat, bere ibilgailuaren kopilotuaren eserlekuan eserita, gertakariak izan diren lekutik gertu. Ondoren, atxilotu egin dute, hilketa saiakera egotzita.
Jarraian, atxilotua ertzain-etxera eraman dute, eta, biktima, Txagorritxuko ospitalera.